Gizartea -
Pakistan
Gutxienez zortzi pertsona hil dira Pakistanen izandako hegazkin istripu batean
Erreskate taldeak lanean ari dira hegazkina lurrera erori den bizitegi-gunean, eta oraindik ez dakite zenbat pertsona hil diren.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zortzi pertsona hil dira ostiral honetan Pakistan International Airlines (Pia) konpainiako Airbus A-320 hegazkinak lurrera erori ostean. 99 bidaiari eta zortzi tripulatzaile zeuden barnean eta Karachi hegoaldeko bizitegi-gune batean erori da.
Iturri ofizialen arabera, hildakoen kopuruak gora egingo du.
"Orain arte zortzi gorpu berreskuratu dira gune honetan", azaldu du Sohail Akhtar Karachiko polizia superintendenteak.
Iturri berak azaldu duenez, erreskate taldeak hegazkina lurreratu baino pixka bat lehenago erori zen bizitegi-guneetan daude.
Hegazkinak su hartu du "lau edo bost" etxebizitzetan, eta, Akhtarren arabera, suhiltzaileek sua kontrolatzea lortu dute.
Hegazkina Pakistango hiriburu ekonomikoaren aireportutik oso gertu erori da arratsalde hasieran, eta Ramadanaren amaieraren jaiaren lehen egunean izan da.
"Karachiko aireportutik gertu erori zen. Handik minutu batera zegoenean, eta bizitoki-gune batean erori zen", adierazi du Abdul Sattar Pakistango Abiazio Zibileko Agintaritzako bozeramaileak.
Pakistango Armadaren (ISPR) komunikazio bulegoak ohar baten bidez jakinarazi du helikopteroak eta tropak bidali dituztela istripuaren gunera, erreskate operazioak aurrera eramateko.
Tokiko telebistek kea zuten irudiak erakutsi zituzten etxebizitza gune batetik ateratzen.
Imran Khan Pakistango lehen ministroak istripuagatiko atsekabea adierazi du Twitterren, eta ezbeharraren arrazoiak argitzeko ikerketa iragarri du.
"Penatuta Piako istripuagatik. Ikerketa bat jarriko da martxan berehala. Otoitzak eta doluminak hildakoen familientzat", idatzi du agintariak.
Asiako herrialdeak 2012an bizi izan zuen bere aire tragediarik larriena, 138 lagun hil baitziren Islamabadetik gertu hegazkin batek izandako istripuan.
2016ko abenduan, beste hegazkin istripu batean 48 pertsona hil ziren Chitral (iparraldea) eta Islamabad arteko ibilbidea egiten ari zela.