Gizartea -

Koronabirusa

Nolakoa izango da 2 fasea Nafarroan?

Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikastetxera bueltatzeko aukera izango dute, hala nahiz izanez gero; eguneko egoitzak, museoak eta liburutegiak irekiko dituzte.

Oinezkoak Iruñeko Karlos III. Noblearen Etorbidean. Argazkia: EFE
Oinezkoak Iruñeko Karlos III. Noblearen Etorbidean. Argazkia: EFE
Oinezkoak Iruñeko Karlos III. Noblearen Etorbidean. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak iragarri duenez, proposamen zehatz bat landu dute eta irizpide propioak ezarriko dituzte bigarren fasean, Espainiako Gobernuak ahalbidetzen duena bainoa "mugatuagoa".

Horrela, bada, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikastetxera bueltatzeko aukera izango dute, hala nahiz izanez gero; eguneko egoitzak, museoak eta liburutegiak irekiko dituzte; eta kultur ekitaldiak eta kirol jarduerak antolatzea posible izango da, sarrera mugatuta.

Presidenteak pozik hartu du Osasun Ministerioaren erabakia, baina zuhurtzia eskatu du. "Aurrera egin behar dugu, baina presarik gabe, hau ez da lasterketa bat", azpimarratu du guardian jarraitzeko dei eginez.

Chivitek azaldu duenez, adineko pertsonentzako eguneko zentroak irekiko dituzte, etxez etxeko laguntza martxan jarriko dute eta desgaitasunak dituzten lagunentzako zentroetan bisitak egitea baimenduko dute.

Hezkuntzan, sei urte arteko haur-eskolek itxita jarraituko dute eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak ez dira ikastetxera itzuliko. Aitzitik, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek euren borondatez institutura bueltatzeko eta unibertsitatean sartzeko probak prestatzeko aukera izango dute ekaineko lehen astean.

Gazteen lokalak eta elkarte gastronomikoak ezingo dira ireki; bai, ordea, museoak eta liburutegiak ekaineko lehen astetik aurrera. Aire zabalean egindako kultur ekitaldietan eta kirol jardueratan gehienez 200 pertsona bildu ahalko dira.  

Gazteen lokalei eta elkarte gastronomikoei dagokienez, baina, salbuespen batzuk daude; izan ere udalerri txikietan eta bostehun biztanletik beherako kontzejuetan ireki ahalko dituzte, baldin eta kafetegirik, jatetxerik edo tabernarik ez balego eta herritarrentzako biltoki bakarra badira.

Kasu horietan, alkateek terrazak baimendu ahalko dituzte lokal horietan, eta salbuespen moduan barnealdea, baldintza galdegarriak batuko balira eta ostalaritza- eta sukaldaritza-lokaletarako prebentziozko neurri guztiak beteko balira (fase bakoitzeko arauak izango dituzte kontuan).

Bigarren etxebizitzako ortuetan lan egitea baimenduta egongo da eta kirola egiteko udalerritik ateratzea posible izango da. Erreketan eta igerilekuetan bainua hartzea arautuko dute.

Nafarroako Gobernuak baieztatu du kalera irteteko ordutegiak kenduko dituztela, 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, baina, adinekoei ezarritako ordutegia mantenduko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak María Chivite Koronabirusa Deseskalatzea