Gizartea -

Koronabirusa

Erantzun immune azkarra eman duen txerto bat probatu dute gizakiengan

Azken emaitzak sei hilabete barru aztertuko dituzte, baina proba gehiago egin beharko dituzte, egiaztatzeko erantzun immune hori koronabirusaren aurka eraginkorra ote den.

Ikertzaile bat, laborategian. Argazkia: EFE.
Ikertzaile bat, laborategian
Ikertzaile bat, laborategian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Proba klinikoko 1 fasera iritsi den COVID-19aren aurkako lehen txertoa ziurra da, ondo onartzen da, eta gizakiengan SARS-CoV-2 birusaren aurkako erantzun immunologikoa emateko ahalmena du, The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa berri baten esanetan. 108 heldu osasuntsuengan zabaldutako probak emaitza itxaropentsuak erakutsi ditu, 28 egunen buruan.

Azken emaitzak sei hilabete barru aztertuko dituzte. Nolanahi ere, proba gehiago egin beharko dituzte, erantzun immune hori koronabirusaren aurka eraginkorra ote den egiaztatzea helburu.

"Emaitza hauek mugarri garrantzitsua dira. Probak erakutsi duenez, 5 motako adenobirusak (Ad5-nCoV) bektorizatutako COVID-19 txerto berriaren dosi bakar batek birusaren eta T zelulen aurkako antigorputz espezifikoak ekoizten ditu 14 egunetan; beraz, hautagaia da, ikerketa sakonoagoa egiteko", azaldu du Wei Chen, lanaren arduradunak. Wei Chen Pekingo Bioteknologia Institutuko kidea da.

"Hala ere kontuz hartu behar ditugu emaitza hauek. COVID-19aren aurkako txerto baten garapenean dauden erronkek ez dute aurrekaririk, eta erantzun immunologikoak sortzeko ahalmen honek ez du esan nahi, halabeharraz, txertoak gizakiak babestuko dituela, gaitzaren arka. Emaitzak ikuspegi itxaropentsua erakusten du, baina asko falta da txertoa guztien eskura egon arte", zehaztu du zientzialariak.

Egun, mundu-mailan, COVID-19aren aurkako hautagaiak diren 100 txerto baino gehiago ari dira garatzen. Proba klinikoko 1 fasera iritsi den hau gizakiengan probatu den lehena da; ahuldutako hotzeri arrunteko birus bat baliatzen du, adenobirusa hain zuzen ere. Giza zelulak erraz kutsatzen ditu, baina ez du ahalmenik gaitza eragiteko.Emandako dosi guztietan, ondo onartua izan zen; txertaketa egin eta 28 egunera, ez zen kontrako gertaera larririk izan.

Ikerketaren egileen esanetan, probaren muga nagusiak dira laginaren tamaina txikia, iraupen laburra, eta kontrol-talde aleatoriorik ez dagoela. Azken horren ondorioz, mugatuta daude txertoaren aurreko kontrako erreakzio arraroagoak atzemateko edo erreakzio immunologikoa sortzeko duen ahalmenaren froga sendoagoak emateko gaitasunak.

Ikerketa gehiago egin beharko dituzte, txertoa guztien eskura izan aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina gaur Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Txertoak azken ordukoa COVID kasuak Alarma egoera MOE albisteak gaur