Gizartea -
Astelehenerako
Bizkaiko pentsiodunek elkarretaratzeak deitu dituzte udaletxeen aurrean
Ados-Consenso pentsiodunen plataformak, berriz, elkarretaratzeetara ez joateko deia egin du "herritar ahulenen osasuna arriskuan jartzerik ez dagoelako".
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu astelehenerako, maiatzak 25. Elkarretaratze “sinbolikoak” izango dira, lurraldeko eta Euskadiko udaletxeen aurrean, “osasuna bermatzeko segurtasun neurri guztiak errespetatuta”.
Pentsiodunek elkarretaratzea egin zuten maiatzaren 18an Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta, azaldu dutenez, adinekoen egoitzetan bizi den egoera salatu nahi dute. “Koronabirusaren ondorioak arintzen ari diren arren, ezin dugu arreta galdu eta antzemandako gabeziak konpondu barik utzi”.
“Mendekotasuna duten adinekoak hartzen dituzten egoitzen eta euren etxeetan artatzeko zerbitzuen kudeaketan aldundiek duten erantzukizuna berretsi nahi dugu. Itunpeko egoitzetako eta egoitza pribatuetako patronala ere ez dugu alde batera utzi nahi erantzukizunaz hitz egiteko garaian”, adierazi dute. Halaber, “kalitatezko sistema publiko, unibertsal eta doako baten alde lehenbailehen egitea” eskatu dute “adinekoei zuzendutako zerbitzuen pribatizazio saihesteko”.
Ados-Consenso plataforma, kontra
Hala ere, besteak beste Nagusiak, AJPD y Coespe-Bizkaia elkarteak hartzen dituen Ados-Consenso Bizkaiko Pentsiodunen Plataforma elkarretaratzeen aurka agertu da “ez dagoelako herritar ahulenen osasuna arriskuan jartzerik”.
“Egoerak hobera egin duen arren, asko falta da konponduta egoteko. Osasun agintariak behin eta berriro esaten ari dira epidemiak berriro gora egiteak ekar dezakeen arriskua. Eta horri murrizketak arintzeko prozesuan sumatzen dugun presa gaineratu behar zaio”, azaldu dute.
Azkenik, asteleherako deitutako elkarretaratzea “kolektiboaren barnean dagoen sektore batek” egin duela salatu dute, “plataformaren aniztasunari errespetu falta adieraziz eta guztionak ez diren interesei erantzuteko”.
Bat Etorrik ere ez du deialdia babesten
Gipuzkoako Bat Etorri pentsiodunen plataformak iragarri egin du ez duela babesten “pentsiodunen mugimenduko sektore batek” egindako deialdia.
“Koronabirusak eragindako osasun krisia oraindik gainditu gabe dagoenean, ez da pertsona ahulenen osasuna arriskuan jartzeko garaia”, azaldu dute ohar batean.