Gizartea -

Ika-mika

Beasaingo jaietan parte hartu zuten gazteak identifikatzen ari da Ertzaintza

Udalak bertan behera utzitako ospakizunetan parte hartu zuten 50 bat gaztek, alarma egoera ustez urratuta. EH Bilduko zinegotzi batek dimisioa eman du horretan parte hartzeagatik.

Beasainen bildutako gazteen irudia. EiTB bideo batetik hartutako argazkia
Beasainen bildutako gazteen irudia
Loinatz jaien hasiera ospatu nahi izan dute Beasainen, segurtasun neurriak bete gabe

1:59

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela medio, Beasaingo Udalak bertan behera utzitako Loinatz jaien hasiera ospatzeko 50 gazte baino gehiago bildu dira ostiral honetan aipatutako udalerrian eta, irudiak ikusita eta zabalduta, gertaera horrek sumina eta protesta eragin ditu sare sozialetan.

Irudietan ikus daitekeenez, dozenaka gazte batzartu dira ostiral honetan Beasaingo Zaldizurreta plazan, dantza egitera eta abestera, udalerriko hasiera tradizionala egiten, duela aste batzuk Udalak jaiak behera utzi bazituen ere. Deseskalatzearen 1 fasean dago Euskadi, ondorioz, jende-bilkurak debekatuta daude, eta herritarrak terrazetan bakarrik bil daitezke, % 30eko edukierarekin, gehienez jota, beti ere pertsonen arteko distantzia soziala eta segurtasun eta higiene neurriak gordeta.

Aitor Aldasoro Besaingo alkateak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "auzolotsa" sentitzen du "arduragabekeria honen aurrean". Bere hitzetan, "zorionez, herritar gehienak ondo" ari diren arren, gutxi batzuren portaera okerra nahikoa da "dena hankaz gora jarri eta herriarren izen ona zikintzeko". Egoera ikusita, Ertzaintzak parte hartu zuela baieztatu du alkateak, eta azkenean gazteak sakanabatu zirela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sare sozialetan zabaldutako irudiak aztertzen dabil Ertzaintza eta, bideoaren "kalitateak baimentzen badu, parte-hartzaileak identifikatuko eta salatuko dituzte".

Dimisioa

Bestalde, Maddi Imaz Beasaingo EH Bilduko zinegotziak dimisioa eman du larunbat eguerdi honetan debekatutako atzoko ospakizunetan partu hartu ostean. Gainera, Ertzaintzak Imaz salatu du alarma egoera urratzea leporatuta. Ohar baten bidez zinegotziak aitortu duenez, "arduragabekeriaz jokatu nuen eta hau ez dator bat EH Bilduk orain arte izan duen jardunarekin pandemia honetan".  Barkamena eskatu dio Beasaingo herriari, eta "honek guztiak sortu duen oihartzuna eta kaltea kontutan izanda, kargua uztea erabaki dut".

Horren harira, jazotakoa berriro ezin dela gertatu azpimarratu du ohar baten bidez Beasaingo EH Bilduk. "Beti ere erantzukizunez jokatu behar dugu, are gehiago COVID-19aren ondorio bizi dugun honetan", gaineratu du, "gure zinegotzi baten parte hartzea onartezina da, eta bere dimisioa ontzat ematen dugu".

Gazteek barkamena eskatu dute

‘Goierriko Hitza’ hedabidean argitaratutako adierazpen batean, festan egon ziren gazteek gertatutakoa sentitzen dutela eta erantzukizun osoa eurena dela adierazi dute.

Halaber, herritar asko pandemian erantzukizunez jokatzen ari direla onartu dute eta justifikaziorik ez duen portaeragatik barkamena eskatu dute.

Egoeraren “kontrola galdu” zutela onartu ostean, Beasain herriaren izena ez zikintzeko eskatu eta euren gurasoek gertatutako guztian erantzukizunik ez dutela azpimarratu dute.

Udalaren ondoeza

Gertatutakoaren aurrean, Beasaingo Udalak "haserrea eta ondoeza" adierazi ditu gaur zabaldutako ohar baten bidez. "Jokabide hauek auzolotsa eta inpotentzia sortu dute udal agintariengan (..) Agerian geratu da kontzientziaziorako eta informazioa zabaltzeko ahaleginei entzungor egin diotela batzuk. Erakutsitako arduragabekeriak ez dauka inolako aitzakiarik eta jokaera hauek guztiz deitoragarriak dira", salatu du Udalak.

Dena dela, aitortu duenez, "herritarren gehiengoa arduraz eta gizalegez jokatzen ari da". Amaitzeko, "prebentzio eta babes neurriak tinko betetzen jarraitzeko deia" luzatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Beasain Albisteak Jaiak Osasun albisteak Koronabirusa Gazteak albisteak