Gizartea -

Ikerkuntza

Satlantis konpainiaren kamera aitzindaria Nazioarteko Espazio-estaziora iritsi da

Lurraren behaketarako erabiliko den tamaina txikiko lehen argazki-kamera diseinatu du euskal enpresak.

Satlantis konpainiaren argazki-kamera iraultzailea. Argazkia: Satlantis
Satlantis konpainiaren argazki-kamera iraultzailea.
Satlantis konpainiaren argazki-kamera iraultzailea. Argazkia: Satlantis

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUren Leioako Parke Zientifikoan egoitza duen Satlantis euskal konpainiaren argazki-kamera iraultzailea astelehen honetan iritsi da Nazioarteko Espazio Estaziora, bost eguneko ibilbidea egin eta gero.

Lurra behatzeko erabiliko den kamera maiatzaren 20an bidali zuten espaziora, Japoniako Esplorazio Aeroespazialeko Agentziaren estaziotik.

"Jaurtiketa arrakastatsua izan zen, eta nazioartean mugarri izango da, lehen aldiz bidali baitute tamaina horretako kamera bat espaziora", adierazi du Juan Tomas Hernani Satlantiseko kontseilari delegatuak.

Proiektua gauzatzeko, zazpi urteko lana eta 16 milioi euro baino gehiago behar izan dituzte.

Argazki-kamera aitzindaria espaziora bidaltzeko ekitaldia zuzenean eskaini zuten Bilbon, Madrilen, Erroman, Parisen, Washingtonen, Floridan, Bruselan eta Tokian.

Kamera eraman duen suziri japoniarrak 27.580 km/h-ko abiadura hartu du, eta bost egun behar izan ditu Nazioarteko Espazio Estaziora heltzeko. Christopher Cassidy NASAko astronauta arduratu da maniobraz.

Argazki-kamera ekainaren 10ean jarriko dute Kibo estazio japoniarraren kanpoaldean, Lurrari begira. Lehen aldiz jarriko dute estazio horretan japoniarra ez den teknologia duen gailu bat.

Kamera iraultzailea tamainagatik

Kamerak 15 kiloko pisua du (ohiko teknologiekin egindakoak baino % 80 arinagoa da), eta segundoko 20 irudi grabatuko ditu: hiri handiak, mugak, kostaldeak, natura edo ozeanoak.  

Irudi horiei esker, posible izango da, besteak beste, itsasoko arriskuak antzematea, hala nola petrolio isurketak, algen zabalkundea eta plastikoen pilaketak. Halaber, uzten eta suteen jarraipena egitea eta klimaren bilakaera eta horren ondorioak aztertzea ahalbidetuko du.

Kamera txikia izan arren, bereizmen handiko argazkiak aterako ditu, eta behaketa horren ondotik mundu mailako ingurumen politika berriak sortzea da asmoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia EHU Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Lurra Planetak