Gizartea -

Nafarroa

2017ko sexu-eraso baten ustezko egilea atxilotu dute Iruñean

Atarrabiako 21 urteko gaztea identifikatu dute, Erresuma Batuko DNA ikerketa bati esker.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak 21 urteko gazte bat atxilotu du Iruñean, 2017an adingabe bati sexu erasoa egin izana egotzita. Atxilotua Atarrabiakoa (Nafarroa) da eta aurrekari ugari ditu; DNA ikerketa bati esker atxilotu ahal izan dute.

Biktima 14 urteko gazte bat izan zen, Espainiako Poliziak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

2017ko abuztuan, ustezko erasotzaileak biktimari eraso egin zion, etxean sartzera zihoala. Behin atarian sartuta, adingabeari ukituak egin zituen, eta masturbatu egin zen.

Ikerketak Polizia Zientifikoaren txosten bat jaso zuen, ustezko egilearen gorpuzki biologikoekin. Hala, maiatzean, Erresuma Batuko Poliziak Polizia Nazionalari ohartarazi zion ustezko erasotzailearen DNA bat zetorrela herrialde hartan lapurretagatik atxilotu zuten pertsona batenarekin.

Europako polizien arteko lankidetza hori Prumeko Itunaren esparruan gertatu da. Itun horren bidez, Europar Batasuneko poliziek (Norvegia, Suitza eta Islandia barne) DNAri, hatz-markei eta ibilgailuen matrikulei buruzko informazioa partekatzen dute, terrorismoaren eta beste kriminalitate-modalitate larri batzuen aurka borrokatzeko.

Ustezko egilea identifikatu eta Nafarroan bizi zela egiaztatu ondoren, atxilotzeko dispositibo bat jarri zuten martxan, eta joan den asteburuan atxilotu zuten.

Une honetan ikertzen ari dira, halaber, pertsona horrek iaz Iruñean gertatutako beste sexu-eraso bat egin ote zuen.

Atxilotua Iruñeko Guardiako Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Delituak Erresuma Batua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak