Gizartea -
Bizkaia
Lanak egingo dituzte Arrontegiko zubi inguruan, zirkulazioa arintzeko
Kukularrako aldaketagunearen eta zubiaren beraren arteko zatian edukiera handitzeko lanak udazkenean hasi eta 2021eko urrian bukatuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak lan berri batzuk eskaini ditu, Arrontegi zubiaren inguruko bideetako zirkulazio ugariaren ondorioak arintze aldera. Hain zuzen ere, Kukularrako aldaketagunearen eta zubiaren beraren arteko tarteari dagozkio, Barakaldorako noranzkoan.
Helburua tarte horretan BI-30 errepidearen (lehengo N-637) ahalmena handitzea da, Bizkaiko errepide sare osoan joan-etorri handia duenetako bat baita, BI-30ak (Txorierriko Igarobidea) eta BI-637ak (Avanzada) bat egiten duten tokian.
Guztira lau errei, bakoitzak bi, dituztela iristen dira bi errepideok puntu horretara, eta hiru erreitan uztartzen dira. 300 metro aurrerago, gainera, laugarren errei bat batzen da, BI-735 errepideak Plaiabarritik dakarrena.
Pilaketak saihesteko, lan honek BI-30aren eta BI-637aren bat-egitea desagerraraziko du, eta bi bideetatik datozen lau erreiak luzatuko ditu Arrontegi zubirantz. Plaiabarrik datozen ibilgailuak azelerazio errei baten bidez egingo dute bat.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2,7 milioi euro bideratuko ditu lan horietara, eta hamar hilean bukatu nahi ditu, udazkenean hasi eta 2021eko urrirako burututa.