Gizartea -

KORONABIRUSA

3 hildako EAEn eta 1 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Bestalde, hondartzetan eta urtegietan koronabirusari aurre egiteko gomendioak jarraitzeko eskatu du Osasun Sailak, "prebentzioa erakundeei zein herritarrei dagokien erronka kolektiboa baita".

Hainbat pertsona Donostian paseatzen. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Donostian paseatzen.
Hainbat pertsona Donostian paseatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1531 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 7 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (osteguneko 24:00ak arte bildutako datuak).

Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datuek; izan ere, aurreko egunetan bezala, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3702 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2503 PCR eta 1199 test serologiko.

Azken orduetan, 7 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.508 positibo guztira) eta 50 test serologikoen bidez (6219), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.727 kasu baieztatu dira orain arte.

Bizkaian, 6 kasu atzeman dituzte PCR bidez, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7602 guztira). Araban, berriz, kasu 1 zenbatu dute azken orduetan (3003), eta Gipuzkoan (2314), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduotan.

Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Bilbon (4), Getxon (1) eta Santurtzin (1) atzeman dituzte. Arabako kasuan, berriz, Gasteizen (1) bizi da azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duen herritarrak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken bost egunetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 196.890 PCR proba eta 111.778 test azkar egin zaizkie 172.904 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 147 pertsona sendatu dira (16.331 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,65). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta 3 paziente gutxiago baitaude. Horrela, gaur egun 25 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1531 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez. Azken orduetan 3 pertsona hil dira, Bizkaian denak.

Gainera, 1865 gaixo daude oraindik (% 9,4). Azken orduetan, 2 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 255 pertsona daude ospitaleratuta (230 gela arruntetan eta 25 ZIUetan).

*OHARRA*: Gaurko datuetan aldaketa atzeman daiteke orain arte zenbatutako heriotzen kopuruan, batez ere klinika pribatuetan hildakoen eta berreskuratutakoen kopurua jakinarazi eta eguneratzeko arazo baten ondorioz.

Hondartzetan eta urtegietan egoteko irizpideak eta gomendioak

Osasun Sailak gogorarazi du hondartzen eta beste bainu-eremu batzuen erabilera arduratsua egin behar dela, eta, ondorioz, indarrean dauden prebentzio-neurriak gogoan izan behar direla koronabirusaren agerraldia murrizteko. Ildo horretatik, hondartzak modu dinamikoan erabiltzea gomendatu du, hau da, paseatzeko, bainua hartzeko edo jarduera akuatikoetarako.

Gainera, paseoak ematen direnean bi metroko distantzia mantendu ezin bada, maskara erabilitzea ezinbestekoa dela gogorarazi du Osasun Sailak. Horrez gain,  transmisioaren prebentzioa erakundeei zein herritarrei dagokien erronka kolektiboa dela nabarmendu du.

14 kasu berri eta heriotza bat

Nafarroan, azken orduetan, 14 kasu berri izan dira, PCR bidez baieztatuta; guztira, 5.278 pertsona kutsatu dira, eta beste heriotza bat izan da, guztira 515 pertsona hil baitira.

Bost ospitaleratze gutxiago izan dira, eta horietatik 69 gela arruntetan izan dira, 10 zainketa intentsiboetako unitateetan eta 3 etxebizitzako zaintzan, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Osasun-arloko langileen artean, lau alta erregistratu dira; beraz, kasu aktiboen kopurua 51 da.

Osasun Sailak beste bi heriotza jakinarazi ditu, 39 azken 7 egunetan

Osasun Ministerioak ostiral honetan jakinarazi duenez, azken 24 orduetan koronabirusak beste bi pertsona hil ditu Espainian, 39 azken zazpi egunetan, eta pandemia hasi zenetik 27.121 dira guztira.

Azken 24 orduetan 187 kasu diagnostikatu dituzte, atzo baino bost gehiago, eta 238.564 dira guztira.

Diagnostikatutako kasu berri horietatik, 61 Madrilek jakinarazi ditu, eta 47 Kataluniak; horiek 5 eta 8 hildako berri izan dituzte, hurrenez hurren; Galizian, berriz, atzotik beste kasu bat izan da, eta azken zazpi egunetan 6 pertsona hil dira.

Nafarroan 15 kasu izan dira, Aragoin 14 eta Valentzian 11.

Melilla da kasu berririk egon ez den gune bakarra; Asturiasek, Balear Uharteek, Kantabriak, Galiziak eta Murtziak, berriz, bana erregistratu dute.

Salvador Illaren Departamenduak emandako zifrak dira, joan den astelehenean datuak biltzeko sistema aldatu ondoren, autonomia-erkidegoetan kasu bakoitzari buruzko informazio indibidualizatua lortzeko, serieak zuzentzeko eta bikoiztuak ezabatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea gaur