Gizartea -
KORONABIRUSA
COVID-19aren eraginez hildako beste 15 kasu berri jakinarazi ditu Osakidetzak
Ospitale pribatuetan izandako kasuak eguneratzeko eta jakinarazteko egon den "arazoari" egotzi dio Osasun sailak koronabirusagatik hildakoen kopuruan gaur ezagutu den "desfasea".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19aren pandemiak EAEn, orain arte, utzitako hildakoen kopuru orokorrari "ospitale pribatuetan hildako eta jakinarazi gabeko" beste 15 gehitu dizkio Osakidetzak. Hala, azken 24 orduotan jaso diren 3 heriotzekin, guztira, 1531 dira koronabirusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hil dituenak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez esan duenez, ospitale pribatuetan izandako kasuak eguneratzeko eta jakinarazteko egon den "arazoa" dago gaur ezagutu den "desfasearen" atzean.
Azken orduotan, 3 hildakoez gain, 7 koronabirus kasu berri ere baieztatu dira PCR proben bidez. Gaitza atzemateko 3702 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2503 PCR eta 1199 test serologiko. Osakidetzaren arabera, pandemiaren bilakaera "beheranzko joera" izaten ari dela erakusten dute datuek.
Bizkaian, 6 kasu atzeman dituzte PCR bidez, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7602 guztira). Araban, berriz, kasu 1 zenbatu dute azken orduetan (3003), eta Gipuzkoan (2314), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduotan.
Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Bilbon (4), Getxon (1) eta Santurtzin (1) atzeman dituzte. Arabako kasuan, berriz, Gasteizen (1) bizi da azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duen herritarra.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 196.890 PCR proba eta 111.778 test azkar egin zaizkie 172.904 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,65). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.