Gizartea -

Koronabirusa

Bilbok oinezkoentzako tarteak mugatuko ditu distantzia fisikoa errazteko

Neurria larunbat eta igandean ezarriko dute Begoña, Abando, Ibaiondo, Deustu, Otxarkoaga-Txurdinaga, Uribarri, Errekalde eta Basurtu-Zorrotzan, 10:00etatik 22:00etara.

Zortzi barrutitan egingo dute oinezkoentzako tartea, larunbat eta igandean. Argazkia: Efe.
Herritarrak, Bilbon paseoan
Zortzi barrutitan egingo dute oinezkoentzako tartea, larunbat eta igandean. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak oinezkoei lehentasuna emango die larunbatean, maiatzak 30, eta igandean, maiatzak 31, 10:00etatik 22:00etara, hiriko hainbat tokitan, Begoña, Abando, Ibaiondo, Deustu, Otxarkoaga-Txurdinaga, Uribarri, Errekalde eta Basurtu-Zorrotzan, distantzia fisikoa bermatzeko, eta ibilgailu partikularren erabilera mugatuta egongo da.

Bilboko Udalak iragarri duenez, Begoñako Barrutian, oinezkoentzat izango da Zabalbide, Santa Klara, Iturriaga, Juan de la Cosa eta Santutxu kaleen arteko eremua. Baimena izango dute garajeetara sartu behar dutenek.

Abandoko Barrutian, Kale Nagusia oinezkoentzat izango da Mazarredo zumarkalearen eta Moyua plazaren artean.

Ibaiondoko Barrutian, oinezkoentzat izango da Atxuri kalea, Miraflores etorbiderako noranzkoan dagoen erreia, Kañu pasealekuarekin errazago lotzeko.

Deustuko Barrutiari dagokionez, Deustuko zubiaren azpian, udaletxerako noranzkoko erreia oinezkoentzat egokituko da. Botikazar erriberan, San Inazioko noranzkoan, Agirre anaien kaletik Frances Macia kalera dagoen tartea itxi egingo da ibilgailuen zirkulaziorako. Gainera, bidegorria erdibitzailetik hurbileko aldera bideratuko da eta galtzadatik jarraituko du Salbeko zubiraino.

Halaber, bidegorria oinezkoentzat izango da Salbeko zubiaren eta Agirre anaien kalearen artean; bizikletak galtzadatik joango dira, eta Zarandoa etorbidea (Deustuko noranzkoa), Aragoi kalearen eta Madariaga etorbidearen luzapenaren artean, oinezkoentzat izango da. Bizikletak, garajeetakoak, garbiketa-zerbitzukoak eta zamalanetakoak pasatu ahal izango dira.

Otxarkoaga-Txurdinaga inguruan, bestalde, Jesús Galíndez etorbidea oinezkoentzat izango da Txomin Garat eta Ornilla Doktorearen kaleen artean, Garaizar kalearen eta Gabriel Aresti etorbidearen arteko lotura libre utzita. Bilbobusak eta inguruko garajeetako ibilgailuak pasatu ahal izango dira.

Uribarriko Barrutian, Lezamako Trenbide Zaharra kalea oinezkoentzat prestatuko da, Pikotamendi eremuarekin eta Etxebarria parkearekin lotzeko. Bilbobusak eta inguruko garajeetako ibilgailu partikularrak baino ezingo dira pasatu.

Gainera, Udaletxeko zubitik igotzeko eskuineko erreia oinezkoentzat izango da, puntu horretan espaloia handitzeko. Errekalden, bestalde, Arane eta Medina Pomar kaleak oinezkoentzat prestatuko dituzte, Eskurtze parkerako lotura hobetzeko.

Diaz Emparanza kalea ere oinezkoentzat egokituko da, Villabaso kalean hasita. Ibilgailuak inguruko garajeetara pasatu ahal izango dira.

Azkenik, Basurtu-Zorrotza Barrutian, Olabeaga kaia oinezkoentzat gordeko da, Olabeagako San Nikolas kaletik Sirgarien kaiko oinezkoentzako alderaino. Inguruko garajeetara pasatu ahal izango da, eta Bilbobuseko A3 lineako geraleku hauek kendu egingo dira: Sirgarien kaiko 3koa, Olabeaga 30ekoa eta 22Akoa. Horien ordez, behin-behineko geralekua jarriko da Olabeagako geltokiko aparkalekuan.

Gainera, Abaro estrata kalea oinezkoentzat izango da, Zorrotza-Kastrexana errepidearen eta Zorrozgoiti bidearen artean; Astillero kaletik zeharka pasatzea eta garajeetarako sarbidea baimenduko dira. Basurtuko Geltokia kalea oinezkoentzat gordeko da, eta garajeetara sartzeko baimena emango da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aisia Euskadin COVID kasuak Zer egin daiteke Euskadin? Konfinamenduaren deseskalatzea Txurdinaga albisteak Deustori buruzko albisteak Otxarkoaga albisteak