Gizartea -
KORONABIRUSA
Batera zaintza sareak babesgabeen aldeko neurriak hartzeko eskatu dio Urtarani
Duela bi hilabete eta erdi sortu zen sarea Gasteizen, konfinamenduak sortutako zaintza-beharrak konpontzen laguntzeko eta "aurretik ere bazeuden arazo ugari" topatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Batera zaintza sareak gasteiztar ugarik jasaten duten egoera txarraren arduradun izatea leporatu dio Gorka Urtaran alkateari eta neurriak hartzeko eskatu diote.
Duela bi hilabete eta erdi sortu zen herritar sarea Gasteizen, konfinamenduak sortutako zaintza-beharrak konpontzen laguntzeko, eta orain, beste fase bati ekitea erabaki dute.
Udaletxe aurrean emandako prentsaurrekoan esan dutenez, konfinamendu garaian gasteiztar askorekin izan dute harremana eta arazo asko aurkitu dituzte, horietako batzuk COVID-19ak sortuak baina beste asko "osasun krisiaren aurretik zetozela" ikusi dutela adierazi dute.
Askotan gizarte zerbitzuetara jo dutela laguntza eske azaldu dute baina jaso dituzten erantzunak, oro har, "berandu" iritsi direla edo ez direla "nahikoa izan".
"Hau oso kezkagarria dela uste dugu, Gasteizen arazo benetan larriak dituzten bizilagunak baititugu: janik ez dutenak, alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenak, kaleratze arriskupean daudenak eta kalean bizi direnak" salatu dute.
Udalari bilera bat eskatu ziotela jakinarazi dute sarean egiten zuten erradiografiaren berri emateko eta irtenbideak aurkitzeko baina "Urtaranen taldearen erantzuna ezezkoa izan zen".
Hala, kalean lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, auzoetan (15 auzotan antolatuta daude), zaintza sistema publiko eta kalitatezko baten alde eta bai Urtarani baita Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari behar diren neurriak hartzeko eskatu diete : "Gasteizen hau gertatzearen arduradun dira eta ez gertatzea ere euren esku dago".
"Ezin dugu onartu Gasteizen horrelako bizimoduak egotea eta uste dute instituzio publikoen erantzukizuna dela egoera hauei irtenbidea ematea" ohartarazi dute.