Gizartea -
2.250.655 erabiltzaile
Inoiz baino bidaiari gehiago Metro Bilbaon, aurtengo Aste Nagusian
Bilboko metroak eskerrak eman dizkie erabiltzaileei, "portaera eredugarriari esker", bederatzi eguneko zerbitzu etengabean ez baita arazorik egon.
Erredakzioa
2.250.655 pertsonak erabili zuten Metro Bilbaoren zerbitzua Bilboko Aste Nagusiak iraun zuen bederatzi egunetan, 2010ean baino % 7 gehiagok; inoizko "emaitzarik onena" izan da.
Metro Bilbaok prentsa ohar batean jakitera eman duenez, osteguna, abuztuak 24, izan zen egunik onena, 280.900 erabiltzaile izan zituelako. Aste Nagusiak iraun zuen bederatzi egunetan, metroak joan-etorriak indartu zituen, 24 orduko zerbitzua eskainita.
Metro Bilbaok adierazi duenez, igoera handiena 02:00etatik 07:00etarako tartean izan zen: "iaz baino % 14 bidaiari gehiago" garraiatu zituzten.
Bidaiari gehien edukitako unea larunbatetik iganderako goizaldean izan zen, 106.000 pertsona izan baitzituzten denboraldi horretan.
Bilboko metroko arduradunek eskerrak eman dizkiete erabiltzaileei, euren "portaera eredugarriari esker" bederatzi eguneko zerbitzu etengabean ez baita arazorik egon. Metro Bilbaok eskaini duen zerbitzurik luzeena izan da urte honetan: guztira 212 ordu eta 6.272 joan-etorri. .