Gizartea -
Ekologismoa
Gladys del Estal ekologistari omenaldia egingo diote larunbatean Donostian
Omenaldia Donostiako Cristina Enea parkean izango da, eta oraingoan modu berezian egingo dute, COVID-19ren osasun-krisiak eragindako neurriak direla eta.
Agentziak | Erredakzioa
Eguzki eta Gladys Gogoan erakundeek Gladys del Estal ekologista donostiarraren omenezko ekitaldia antolatu dute larunbaterako, Tuteran egin nahi zuten Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat Guardia Zibilak tiroz hil zueneko 41. urteurrenean.
Eguzkik eta Gladys Gogoan elkarteak azaldu dutenez, omenaldia Donostiako Cristina Enea parkean izango da, eta oraingo honetan modu berezian egingo dute, COVID-19ren osasun krisiak eragindako neurriak direla eta.
Omenaldian, aurreskua, lore eskaintza eta abestiak izango dira, "aurreko ekitaldietan baino laburragoa izan nahi duen ekitaldi batean, eta parte-hartzaileen arteko distantziei eutsi beharko zaie". Gainera, Gladys del Estalen lagun talde bat Boulevardetik bizikletaz joango da.
"Bidegabekeria hura ez ahaztea" garrantzitsua dela nabarmendu dute bi erakundeek, "gainera, zigorrik gabe geratu baitzen, aitortza ofiziala oraindik iritsi gabe dagoelako". "Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako saiakerek ez dute oraindik fruiturik eman", deitoratu dute.
Haren ustez, osasun krisiak "ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatzen dituen ekoizpen, kontsumo eta bizimodu baterantz norabide aldaketa erradikala egiteko beharra areagotu baino ez du egin".
"Aldaketa hori gertatzen ez bada, normaltasun berriaren maskara duen normaltasun zaharra baino ez da izango, edo, gauza bera dena, krisi ekologiko zorrotzagoa, prekarietate eta desberdintasun sozial handiagoak, biztanleria ahulagoa eta beldurtiagoa eta, noski, segurtasunaren kalterako askatasun gutxiago duena izango da", adierazi dute.