Gizartea -

Lapurretak

Bi gaztek 60 ibilgailu gehiagotan lapurretak egin dituzte Bizkaian

18 eta 19 urteko gazteek Bilboko kaleetan lo egiten zuten. Gauean Bizkaiko hiriburutik herrietara joan eta goizeko lehen orduetan metroa erabiliz itzultzen ziren.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 eta 19 urteko bi gazte identifikatu ditu Sopelako Udaltzaingoak. Urtarrilean herriko ibilgailuetan egindako lapurretak leporatu dizkiete.

Era berean, antzeko delituak Uribe Kostako udalerrietan eta Bizkaiko beste eskualde batzuetan egin izana egotzi diete. Guztira, 60 ibilgailu baino gehiagotan lapurretak egin eta 11.500 euroko kalteak eragin dituzte, Poliziaren arabera.

Salaketei esker, bi gazteek Bilboko kaleetan lo egiten zutela zehaztu ahal izan dute, Bizkaiko hiriburuko Udaltzaingoarekin elkarlanean egindako ikerketen arabera.

Lapurretak “gauaren babesean egiten zituzten, aparkaturik zeuden autokarabana, furgoneta eta autoetan; guztietan leihoko kristalak hautsi eta ibilgailu barruko gauzaren bat eraman zuten”, azaldu dutenez.

Gaueko azken orduan Bilbotik herrietara joan eta goizeko lehen orduetan metroa erabiliz itzultzen ziren hiriburura. Bilboko Udaltzaingoaren laguntzari esker bi gazteak identifikatzea posible izan da.

Era berean, sare sozialen azterketa egin eta argazki bat topatu zuen Poliziak. Lapurretako batek ibilgailuetako batean, Sopelan, atzemandako arropa jantzita zeraman argazkian. “Jantzi bitxi bat zen, eta haren jabeak inolako zalantza izpirik gabe identifikatu zuen”, jakinarazi dutenez.

Atxiloketaren ondotik, auzia Getxoko guardiako epaitegiaren esku utzi dute, eta bi gazteak akusatu dituzte, bortxazko lapurretak egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Sopela Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak