Gizartea -

KORONABIRUSA

Espainiako Gobernuaren proposamenak alarma egoeraren ondorenerako

Ministroen Kontseiluak asteartean onartuko du ekainaren 21etik aurrera indarrean egongo diren prebentzio, euste eta koordinazio neurriak arautuko dituen dekretua.

Bi emakume kafe bat hartzen Iruñeko terraza batean. Argazkia: EFE
Bi emakume kafe bat hartzen Iruñeko terraza batean.
Bi emakume kafe bat hartzen Iruñeko terraza batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Ministroen Kontseiluak koronabirusaren prebentzio, euste eta koordinazio neurriak arautuko dituen dekretu berria onartuko du asteartean, ekainaren 21ean alarma egoera amaitzen denetik aurrera "normaltasun berria" izango dena arautzeko, osasun-krisia ofizialki amaitzen ez den bitartean.

Hauek dira Gobernuak igande honetan autonomia erkidegoei aurkeztu dien zirriborroan proposatutako neurri nagusiak:

PREBENTZIO ETA HIGIENE NEURRIAK

. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da sei urtetik gorako pertsonentzat, esparru publikoetan, bai aire librean bai itxietan, baita garraiobideetan ere, pertsonen arteko distantzia 1,5-2 metro artekoa izan ezin daitekeenean.

. Maskarak erabiltzeko agindua ez betetzea arau-hauste arintzat hartuko da, eta 100 eurora arteko isuna izango du.

. Banakako paketeetan ez datozen maskara kirurgikoak banaka soilik farmazietan saldu ahal izango dira.

. Lan zentroetako postuak eta txandak ondo antolatuta egon beharko dute distantzia fisiko segurua bermatzeko eta jende-pilaketak saihesteko.

. Lan zentro guztiek garbiketa eta desinfekzio neurriak hartu beharko dituzte eta langileei babes ekipoak, xaboia edo gel hidroalkoholikoak eman. Neurri honek ikastetxeei, establezimendu komertzialei, izaera sozialeko zentro erresidentzialei eta ostalaritza jarduerei ere eragiten die.

. Adinekoen zentroek COVID-19ari aurre egiteko plan berezia izan beharko dute egoiliarren, langileen eta kolaboratzaileen artean eman daitezkeen kasuak lehenbailehen identifikatzeko eta berehala barne prozedurak abian jarri eta dagokion osasun sistemari abisu emateko.

GARRAIOAK

. Operadoreek bidaiarien itsas, trenbide eta errepide bidezko garraio publikoko zerbitzuetako plazen eskaintza eta okupazio-bolumena arautu beharko dituzte, guztiak ere Estatuaren eskumenekoak badira.

. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten garraioetan, gutxienez lau astez gorde beharko dira bidaiariekin harremanetan jartzeko datuak.

. Itsas garraioan, Merkataritza Nabigazioko zuzendaritza nagusiari ahalmena ematen zaio, Osasun Ministerioak hala proposatuta, nazioarteko bidaiak egiten dituzten eta Espainiaren jurisdikziopeko itsasoko uretan nabigatzen duten itsasontzietako bidaiariak kontrolatzeko osasun-neurriak hartu ahal izateko, Espainiako portuetan sartu behar badira.

BOTIKAK ETA OSASUN PRODUKTUAK

. COVID-19aren osasun kudeaketarako oinarrizkoak diren botiken ekoizle eta komertzializadoreek duten stockari buruzko informazioa ematen jarraitu beharko dute, azken astean saldu duten kantitatea, hurrengoetan jaso eta aterako duten materiala, datak eta kantitateak zehaztuz.

. Hornidura bermatu beharko dute, oporrak eta asteburuak barne, kontsumoa behar den azkartasunez bermatzeko gai izango den banaketa sarearekin.

. Maskara kirurgikoen, bata kirurgikoen eta gel hidroalkoholiko zein antiseptikoen ekoizpena bermatu behar dute, nahikoa izan dadin eskari handi bati erantzun ahal izateko.

DETEKZIO GOIZTIARRERAKO ETA ZAINTZA EPIDEMIOLOGIKORAKO NEURRIAK

. Derrigorrezkoa izango da gaixotasunaren berehalako jakinarazpena.

. Erkidego autonomoetako osasun zerbitzuek asistentzia maila guztietan bermatuko dute, lehen arretan batez ere, COVID-19 gaitza dutela susmatzen den kasu guztietan PCR edo diagnostiko molekularreko beste teknika batekin proba egingo zaiola gaixoari, sintomen berri izan eta ahal bezain pronto.

. Diagnostikoa egiteko baimena duten laborategi publiko eta pribatu guztiek egunero Osasun Ministerioari jakinaraziko dizkiote egindako proba guztien datuak.

OSASUN SISTEMAREN GAITASUNA BERMATZEKO NEURRIAK

. Erkidego autonomoek osasun sistemaren gaitasuna bermatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak izan beharko dituzte eta kontingentzia planak izan beharko dituzte, hala behar bada, gehienez 5 eguneko epean 10.000 biztanleko 1,5-2 ohe ZIUetan eta gaixo larrientzat 37-40 ohe izateko.

Bestalde, Osasun Ministroak "aginte bakarra" berreskuratu ahal izango luke urgentzia sanitarioa gertatzen bada. Neurri hori gogor kritikatu du Kataluniako Generalitateak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak gaur