Gizartea -
Ezbeharra
Hiru gazte atxilotu dituzte Plentzian, labanarekin eraso egiteagatik
Ertzaintzak atxilotutako gazte bat adingabea da. Plentziako (Bizkaia) jaietan larunbat goizaldean izandako borrokaldietan eta erasoetan parte hartzea egotzi diete hirurei.
Erredakzioa
Ertzaintzak hiru gazte, haietariko bat adingabea, atxilotu ditu larunbat goizalde honetan Plentziako (Bizkaia) jaietan, bertan izandako borrokaldietan eta erasoetan arma zuriekin parte hartu dutelakoan.
Lehenengo atxiloketa 02:30ean egin dute, Astillero enparantzan. 24 urteko gazte batek labankada bat jaso zuen sorbaldan eta 30 urteko ustezko erasotzaileak, berriz, botilakada bat buruan. Ertzaintzak biak atxilotu zituen eta lesio delitu bat leporatu die. Labankada jaso zuen gaztea Gurutzetako Ospitalera eraman dute eta bertan dago dagoeneko.
Ordu erdi beranduago, arma zuriarekin egindako beste erasoaldi bat izan da barrakako gunean. Gazte batek labankada bat jaso du bularrean eta zauri larriak zituelakoan, ospitalera eraman dituzte.
Segurtasun agenteek ustezko erasotzailea aurkitu dute, 16 urteko gazte bat, eta lesio delitua egotzita, atxilotu dute.