Gizartea -
Bizkaia
Hirugarren susmagarri bat atxilotu dute Bilboko erasoarekin zerikusia duelakoan
Hilketarekin lotuta, aldez aurretik beste bi pertsona atxilotu dituzte. Aurreneko bi atxilotuak polizia-etxean daude, epailearen esku uzteko zain.
Agentzia | Erredakzioa
Iragan asteazkenean gazte bat sastatu zuten Bilbon. Biktima biharamunean hil zen. Ertzaintzak hirugarren susmagarri bat atxilotu du azken orduetan, erasoarekin zerikusia duelakoan. Hilketarekin lotuta, aldez aurretik beste bi pertsona atxilotu dituzte. Aurreneko bi atxilotuak polizia-etxean daude, epailearen esku uzteko zain.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, iragan asteazkenean 22:20 aldera Salazar Jeneralaren kalean jazo ziren gertakariak. Gazteari arma zuri batekin eraso egin zioten, eta hankan larri zauritu zuten.
Udaltzainek tornikete bat egin zioten, eta ondoren osasun-langileek suspertu zuten.
Basurtuko Ospitalera larri eraman zuten. Biharamunean hil egin zen. Orduz geroztik erasoaren egileak identifikatu, bilatu eta atxilotzeko lan egin du Ertzaintzak.
Erasoa gertatu eta ordu batzuk geroago aurreneko atxiloketa egin zuten Bizkaiko hiriburuan. Bigarren susmagarria iragan ostiralean, 21:00ak aldera, atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak, eta Ertzaintzaren esku utzi zuen ondoren. Azken orduetan hirugarren eta azken gizona atxilotu dute.