Gizartea -
KORONABIRUSA
Udal igerilekuak ekainaren 22an irekiko dira aurretiko hitzordurik gabe Donostian
Kirol pistak eta kanpoko jolas-guneak ere zabalduko dituzte.
EITB.EUS
Ekainaren 22tik aurrera, astelehena, egoera normalizatzen hasiko da Udalaren kirol instalazioetan. Duela bi aste udal gimnasioak ireki zituzten, eta datorren astelehenean, ekainaren 22an, udal kiroldegietako barruko eta kanpoko igerilekuak irekiko dituzte.
Gainera, horiek berrireki eta lehenengo bi asteetan indarrean egon den aurretiazko hitzorduaren baldintza ez da beharrezkoa izango datorren astelehenetik aurrera, baina ekainaren 29ra arte kirol txartela duten abonatuek bakarrik erabili ahalko dituzte.
Gimnasioak eta barruko igerilekuak erabiltzaileak jardunean ari direnean pertsonen artean 1,5 metroko distantzia errespetatzeko egokituko dira. Halere, instalazioen edukierari buruz Eusko Jaurlaritzak emango dituen erabakien zain dago Donostia Kirola. Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondon udako ordutegia osorik aplikatuko da, eta, beraz, igande arratsaldeetan ere irekiko da.
Kirol instalazioetan gainerako segurtasun eta higiene baldintzak ere zainduko dira, hala nola gimnasioetan eskuoihala erabili beharra, eskuak garbitzeko gel desinfektatzailea erabiltzea eta instalazioaren barruan maskara erabiltzea (kirola egiten denean izan ezik). Espazio bakoitzean ezarritako edukierak ere zehatz-mehatz errespetatu beharko dira, sarbideetan jarritako pantailek arautzen baitituzte. Era berean, erabiltzaileei dei egiten zaie donostiakirola.eus webgunearen bidez denbora errealean kontsulta dezaten, instalaziora joan aurretik.
Kirol pisten irekiera
Ekainaren 22an, astelehena, kanpoko kirol pistak, skate park eta kalistenia eta 65 plus parkeak ere irekiko dira, eta auzoetako pilotalekuak duela zenbait aste ireki zituzten. Udal kiroldegietako kirol talde federatuen entrenamenduetarako pistak ekainaren 29an irekiko dituzte, aldez aurretik erreserba eginda.