Gizartea -
KORONABIRUSA
Bost hildako eta bederatzi positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan
Bizkaian zazpi kasu gehiago atzeman dituzte, Araban bat eta Gipuzkoan beste bat. Nafarroak sei positibo izan ditu eta ez da hildakorik izan Foru Erkidegoan.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bost pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.601 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, bederatzi kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).
Haaber, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuei dagokienez, egoerak kontrolpean jarraitzen du. Horren harira, Basurtun beste kasu bat atzeman dute azken orduetan; Txagorritxuko ospitalean, berriz, ez dute positiborik baieztatu. Beraz, gaur egun 43 pertsona daude kutsatuta Basurtun; Txagorritxun, berriz, 15 pertsona kutsatu dira guztira.
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,96). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,16koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 1,9koa zen.
Horrela, datuek aldaketa nabarmenik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.119 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.743 PCR eta 376 test serologiko.
Azken orduetan, bederatzi kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.622 guztira) eta 34 test serologikoen bidez (6.867), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.489 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu gehienak (zazpi) Bizkaian atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.865 guztira). Testuinguru horretan, Araban kasu bat baieztatu dute bakarrik azken orduetan (3.320 guztira). Gipuzkoan, gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo eman duen beste kasu bat atzeman dute. Gipuzkoan izan dira orain arte gutxien (2.280 guztira).
Hala, Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Bilbon (lau), Leioan (bi) eta Portugaleten (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten sei pertsonak. Araban baieztatutako kasuari dagokienez, Gasteizen (bat) atzeman dute positibo berria. Gipuzkoan, berriz, Donostian (bat) baieztatu dute kasu berri bakarra.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 157 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 251.113 PCR proba eta 125.997 test azkar egin dizkiete 216.961 pertsonari (askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan sei pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.246 gaixok jaso dute (% 20,7). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 45 gehiago dira, 13.447 guztira (% 65,6).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, hiru paziente gutxiago artatu behar izan dituzte atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 13 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.601 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute bakarrik COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 196 pertsona daude ospitaleratuta (gela arruntetan 183 daude, eta ZIUetan 13).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Sei positibo eta hildako bakar bat ere ez Nafarroan
PCR probekin baieztatutako sei positibo izan dira Nafarroan azken orduetan eta 5.359 kasu zenbatu dituzte jada Foru Erkidegoan; azken orduetan, berriz, ez da heriotzarik izan, beraz, hildakoen kopurua 518koa da. Atzemandako kasu positibo guztiak (PCR + Test azkarrak) 9.281 dira.
Ospitaleratutako pertsonen kopurua bitan murriztu da. Zainketa intentsiboetako unitatean bost pertsona ospitaleratuta daude, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Osasun Ministerioak ere sei positibo berri zenbatu ditu, eta ez du hildakoren berri eman.
Kutsatze berriak 141era igo dira egun batean Espainian
Koronabirus berriak eragindako kutsatze berriak 141era igo dira egun bakar batean, eta Espainian 124.732 pertsona kutsatu dira guztira. Gainera, eta Osasun Ministerioak argitaratutako azken txostenaren arabera, 30 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken 7 egunetan, eta oraindik ez dute hildakoen kopurua eguneratu.
Gainera, azken astean 1.578 pertsona diagnostikatu dituzte, eta 154k sintomak hasi dituzte azken zazpi egunetan. Era berean, eta Salvador Illak zuzentzen duen Sailaren txostenaren arabera, 11.630 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) batean ospitaleratu dituzte, 10 azken 7 egunetan; eta 124.732 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, 97 azken astean.
Madril izan da kasu gehien atzeman dituen erkidegoa, asteartean baino 65 gehiago; ondoren, Gaztela eta Leon (24 kasu berri jakinarazi ditu) eta Katalunia (23 diagnostiko berri).