Gizartea -

Hezkuntza

Gasteizko haur eskolak ekainaren 24an irekiko dira berriro

Guraso bakarreko familiak baliatu ahalko dira zerbitzuaz, edo bi guraso izanik biak lanean ari badira, enpresa-ziurtagiri baten bidez egiaztatuz gero.

Sareak bost zentro ditu: Haurtzaro, Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta y Zabalgana. EFE.
Pertsona heldu bat ume bat kaletik paseatzen.
Sareak bost zentro ditu: Haurtzaro, Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta y Zabalgana. EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalaren haur eskolek ekainaren 24an irekiko dituzte ateak berriro, COVID-19arekin lotutako osasun-krisialdia dela eta itxita egon ondoren. Eskolek protokolo bat jarriko dute martxan ikasleen zein udal langileen segurtasuna bermatzeko.

Guraso bakarreko familiak baliatu ahalko dira zerbitzuaz, edo bi guraso izanik biak lanean ari badira (lantokian bertan edo telelanean), enpresa-ziurtagiri baten bidez egiaztatuz gero.

Sareak bost eskola ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana. Denek dituzte 2tik 3 urtera bitartekoentzako gelak, eta 1-2 urte bitartekoentzakoak, 0-1 urte bitartekoentzako sehaskak eta jantoki-zerbitzua.

Besteak beste, ordu-tarteak ezarriko dira umeen sartu-irtenetarako, pilaketarik sor ez dadin. Leku bat egokituko da ikasleei harrera egiteko, eta erreferentziazko langileek tenperatura neurtuko diete, 37 ºC-tik gora dutenak ezingo baitira sartu. Umearekin doan pertsonak —bakarra ahal dela— berekin eraman beharko du ume-kotxea edo -aulkia, ezingo baita eskolan utzi.

Gainera, umeek ezingo dute objekturik edo jostailurik eraman etxetik. Txupetea behar badute, bakarrik eskolan erabiltzeko izango da, hau da, bertan utzi beharko dute. Berdin jokatuko da “etxeko” oinetakoekin.

Zona komunetan seinaleak jarriko dira zirkulazioa zehazteko.

Adingabeek ez dute maskararik eraman beharko, baina langileek bai, bi metroko segurtasun-distantzia bermatzerik ez dagoenean. Gainera, zorroztu egingo dira higiene-neurriak.

Eskolako edukiera  % 60ra mugatuko da. Baimendutako leku-kopurua alde batera utzita, lantalde itxiak ezarriko dira (4-5 ume hezitzaile bakoitzeko), birusa zabaltzeko aukera ahalik eta txikiena izan dadin.

Jantokia eta lo-kuluxka

Jantoki-zerbitzua ere modu mailakatuan eta talde itxietan eskainiko da. Bazkarian, umeek bi metroko urruntze soziala gordetzen dutela zainduko dute langileek, haien artean, janaririk edo mahai-tresnarik partekatu ez dezaten.

Lo-kuluxka talde itxiari dagokion gelan egingo da ahal dela, koltxoneta, sehaska edo hamaken artean segurtasun-tartea utzita; ume bakoitzari horietako bat esleituko zaio. Sehasken kasuan, nork bere ohe-arropak erabiltzea lehenetsiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Gasteizko erdigunea albisteak Zaramaga albisteak Zabalgana Aitak albisteak