Gizartea -

Euskal produktuen azoka

Gazta-lehiaketa, Ordiziako Euskal Jaien hitzordu nagusia

Asteazkeneroko azokaz gain, barazki, ganadu eta gazta lehiaketak egingo dituzte. Ekitaldi guztiak Internetez jarraitzeko aukera emango dute aurten.

Gazta da Ordiziako euskal jaien protagonista nagusia. Argazkia: EITB
Gazta da Ordiziako euskal jaien protagonista nagusia.
Ordizia, euskal produktuen erakusleiho

01:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordizian Euskal Jaietan murgilduta dira egunotan eta gaurkoa dute egunik bereziena. Gaur, asteazkenero bezala, azoka egingo da Ordizian, baina gaurkoa berezia izango da, besteak beste, gaur egingo baita hain ezaguna den gazta lehiaketa. Aurtengoa 38.a da, eta beste behin, Juan Mari Arzak sukaldaria izango da epaimahaiko presidentea.

70etik gora artzainek parte hartuko dute gazta lehiaketan, eta Internetez zuzenean segitu ahal izango dira Ordiziako ekitaldiak.

Ardi latxa gazta lehiaketa izango da Ordiziako Euskal Jaien zita nagusia. Beti-Alai pilotalekuan arratsaldeko ordubatean jakingo da irabazlearen izena.

Aurrez, ordea, desfile moduko baten bidez jendaurrean erakutsiko dituzte lehiaketan parte hartuko duten gazta horiek.

Ordiziako gazta lehiaketak eta asteazkenerako azokak artzainentzat duten garrantzia nabarmendu zuen jaiaren aurkezpenean Miriam Molina Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenaren batzordeko gerenteak.

Igor Eguren Ordiziako alkateak, berriz, Euskal Jaiak euskal kulturaren jaiak direla eta nekazaritza munduaren aldarria direla azpimarratu zuen.

Molinaren esanetan, Idiazabal gaztaren ekoizpena atzeratu egin bada ere, gaztandegi kopurua nabarmen hazi da, izan ere, iaz baino sei gehiago daude, 125 gaztandegi hain zuzen ere.

Goizean goizetik ardia eta horrekin loturiko produktuak ez ezik nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak erakusgai eta salmentan izango dira Ordizian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea