Gizartea -

Koronabirusa

Osasun baliabideen kolapsoak heriotzen erdiak eragin zituen, ikerketa baten arabera

Gainera, COVIDModel azterlanaren arabera, Euskadin 2.020 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz pandemiaren hasieratik, Eusko Jaurlaritzak emandako datua nabarmen handituz.

Hainbat pertsona Bilbon paseatzen, alarma-egoeran. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen, alarma-egoeran.
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen, alarma-egoeran. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun arloko baliabideen kolapsoak COVID-19ak utzitako heriotzen erdiak eragin zituen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), ikerketa baten arabera. Gainera, ospitaleek gainezka egin ahala, koronabirusaren ondorioz "hiltzeko probabilitatea nabarmen handitu" zela ondorioztatu du.

Zehazki, #NoMorePandemics nazioarteko plataformak egindako COVIDModel.es azterlanaren arabera, Euskadin 2.020 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz pandemia hasi zenetik. Datu horrek nabarmen handitzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegunera arte baieztatutako kopurua (1.602 heriotza).

Azterlan horrek ondorengo hiru iturri hauek izan ditu kontuan: Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zabaldutako datuak, Zientzia Ministerioaren hilkortasunaren monitorizazio sistemak COVID-19aren ondoriozko heriotza gisa hartutakoak eta Espainiako Estatistikako Institutuak (INE) gaixotasun horren ondorioz zenbatutakoak.

Txostenaren arabera, hilkortasun-tasak nabarmen egin zuen gora osasun arloko baliabideak kolapsatu ahala, eta "Euskadin 1.000 pertsona inguru hil ziren koronabirusaren ondorioz krisiaren unerik txarrenean, osasun-arreta egokia jaso ezin izateagatik".

Halaber, 74 urtetik gorako pertsonen kasuan heriotza-tasaren igoera askoz handiagoa dela ondorioztatu du azterlan horrek, eta apirilaren 5ean, ospitale-saturazio handieneko egunean, paziente horien heriotza-probabilitatea "bikoiztu" egin zela, "% 10etik % 25era".

"Osasun arloko baliabideen saturazioaren ondorioz hil ziren pertsonen % 89 74 urtetik gorakoak izan ziren", gaineratu du azterlanak.

Espainian, osasun arloko baliabideen kolapsoa izan zen COVID-19ak eragindako heriotzen erdia baino gehiagoren arrazoia, eta horietatik ia % 90 74 urtetik gorako pertsonak izan ziren, txostenaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea