Gizartea -
Gertakaria
Gizon batek ama labankadaz hil eta aita larri zauritu du Bartzelonan
Ama (74 urte) hil eta aita (80 urte) larri zauritu ostean, semeak ihes egin du etxetik. Ustezko erasotzailea (buru-nahasteren bat du) apur bat geroago atxilotu dute.
Erredakzioa
74 urteko andre bat hil da gaur, asteazkena, Bartzelonan, eta horren senarra larri zauritu da, semeak sastatuta antza. Esquadra Mossoek dagoeneko atxilotu dute.
Polizia-iturriek jakinarazi dutenez, 08:00ak aldera Bartzelonako Valentzia kaleko bizilagun batzuek Esquadra Mossoei deitu diete, adineko bikotea eta semea (buru-nahasmenduren bat omen du) bizi diren etxean borrokan ari zirela jakinarazteko.
Agenteak bertara heldu direnean, emakumea eskailera-buruan hilda aurkitu dute eta horren senarra, larri zaurituta. Arma zuri batez egindako zauriak zituzten biek. Gizona ospitalera eraman dute, artatzera.
Ustezko erasotzaileak (bikotearen semea, antza) etxetik ihes egin omen du, ama hil eta aita larri zaurituta utzi ondoren, baina apur bat geroago atxilotu dute, etxebizitzatik gertu.