Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, bikotekideari erasotzea egotzita
Biktima ospitale batera eraman zuten. Bere hitzen arabera, erasotzailea edanda zegoen eta atzokoa ez zen eraso egiten zion lehen aldia. Gainera, gero eta jarrera erasokorragoa agertzen zuen.
Erredakzioa
Barakaldon 32 urteko gizonezkoa atxilotu zuten atzo, asteazkena, emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita. Herrizaingo Sailaren arabera, atxilotuak ustez bikotekideari eraso egin zion aurpegian kolpeak emanez eta burua paretaren kontra joz.
Gertaera 20:00 aldera jazo zen. Biktimak telefonoz deitu zuen bikotekideak eraso egin ziola esan eta Poliziaren presentzia eskatzeko.
Agenteek etxebizitzako atarian aurkitu zuten emakumea, nerbio-krisi baten eraginpean. Orduan egindako deklarazioaren arabera, bikotekideak eraso egin omen zion, aurpegian kolpeak emanez eta burua paretaren kontra joz. Emakumeak esandakoarekin bat zetozen kolpeak eta zauriak zeuzkan.
Horrez gain, bikotekidea edanda zegoela eta atzoko lehenengo erasoa ez zela esan zuen emakumeak. Atxilotuaren jarrera gero eta erasokorragoa zela ere salatu zuen. Emakumea ospitalera eraman zuten.
Ondoren, gertatutakoaren inguruan galdetu zioten erasoaren ustezko arduradunari, eta zauririk ez zuela egiaztatu eta gero, 32 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.