Gizartea -

Gertaera

Pertsona bat atxilotu dute Donostian etxe batean itxi eta sute bat eragin ondoren

Ertzaintza, suhiltzaileak eta udaltzainak bertaratu dira, baina sutearen egileak ez du irten nahi izan eta "modu oldarkorrean" hartu ditu, "objektuak jaurtiz".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat atxilotu dute ostiral honetan Donostian, Morlans auzoko etxe bateko garaje batean itxi eta sute bat eragiteagatik, Udalak jakitera eman duenez.

Antza denez, "osasun mentaleko arazoren bat" duen gizona Morlanseko igogailutik gertu dagoen etxeko sotoko garaje batean sartu da, "argitu gabe dauden arrazoiengatik".

Auzokideek goizeko zazpiak aldera ohartarazi dituzte larrialdietarako zerbitzuak, eraikinaren beheko aldean kea zegoela ikusi ondoren.

Hala, Ertzaintza, suhiltzaileak eta udaltzainak bertaratu dira, baina sutearen egileak ez du atera nahi izan, eta "modu oldarkorrean" hartu ditu, "objektuak jaurtiz". Azkenean, gizona atxilotu, eta psikiatriko batera eraman dute.

Bestalde, sotoaren gaineko etxebizitzak jendez hustu dute, keagatik, baina, aireztatu ostean, bertara itzuli ahal izan dira, "inolako arazorik gabe", Udaleko iturrien arabera. Garajea kiskalita geratu da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak