Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute sexu-erasoa leporatuta, Lizarran
Beste pertsona batzuekin partekatzen zuten etxebizitza batean izan zen erasoa.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak 29 urteko gizonezko bat atxilotu du Lizarran, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
23 urteko emakume batek sexu-askatasunaren aurkako delitu bat salatu zuen Foruzaingoaren aurrean, eta erasotzailea berekin eta beste pertsona batzuekin bizi zen gizonezko bat zela adierazi zuen.
Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, biktimaren salaketaren arabera, atxilotua hitzez hasi zen emakumea jazartzen, ukituak egin zizkion gero, eta sexu-harremanak izatera behartu zuen ondoren.
Ustezko erasotzailea Lizarrako foruzainek atxilotu ostean, brigada bereziaren esku utzi zuten kasua, biktimari defentsa juridikoa eman diezaioten.
Era berean, atxilotua Espainiako Estatuan egoera irregularrean dagoenez, horretaz arduratzen diren agintariak jarri dituzte horren jakitun.
Gizona Lizarrako epailearen esku utzi zuten, eta biktimak urruntzeko eta komunikazioa debekatzeko aginduak eskatu zituen, biak Lizarran bizi baitira.