Gizartea -
Atxiloketa
Bi atxilotu autobus gidari bati erasotzeagatik maskara jartzeko eskatu ostean
Lemoa parean atxilotutako bi gazteak gidariari harri bat bota eta autobusaren leiho bat apurtzea egotzita atxilotu zituzten.
EITB.EUS
Ertzaintzako agenteek 19 urteko bi gazte atxilotu zituzten ostegunean autobus bateko gidariari eraso eta ibilgailuan kalteak egiteagatik. Atxilotuak ibilgailutik jaistera behartu zituzten, garraio publikoan beharrezkoa den musukoa jarri nahi ez izateagatik.
Osteguneko 19:00ak aldera gertatu zen, Bilbo-Zeanuri linean. Hainbat bidaiarik bi gazteri musukoa jartzeko eskatu zieten, eta haiek kasurik egin ez zutela ikusita, gidariak autobusa gelditu zuen Lemoa parean, eta musukoa jantzi ezean autobusetik jaitsi beharko zirela esan zien. Gazteek harri handi batzuk hartu zituzten eta bat gidariari bota zioten. Hark saihestea lortu zuen, baina ibilgailuaren atzeko leihoetara bota zituzten harriek atzeko kristala hautsi zuten.
Hori egin ondoren, gazteek mendi aldera ihes egin zuten, eta gidariak SOS Deiak larrialdietarako zerbitzura deitu zuen gertatutakoaren berri emateko.
Bertaratu ziren Ertzaintzako agenteek ingurua miatu zuten, eta harrobi inguruan aurkitu zituzten. Gazteek gidariarekin eztabaida bat izan zutela onartu ondoren, agenteek kalte delitu bat eta lesio delitu bat egotzita atxilotu zituzten.