Gizartea -
Lizarran
Maria Puy Perezen hiltzaileak 16 urteko kartzela zigorra onartu du
Jose Maria Morentin kartzelan da bikotekide ohiaren hilketagatik; 2008ko urriaren 11an hil zuen Lizarran.
Erredakzioa
Maria Puy Perez Lizarrako (Nafarroa) auzotarraren hiltzaileari 16 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, akusazioa eta defentsa akordio batera heldu ostean.
Jose Maria Morentin kartzelan da bikotekide ohia hil izanagatik; hilketa egotzi diote, senidetasun astungarria eta tokiaz baliatu izanagatik; bestalde, aitorpen eta asaldura psikikoa aringarri moduan izan dute.
2008ko urriaren 11an hil zuen bikotekidea Lizarran. Morentinek 15 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra onartu du hilketagatik, eta beste 9 hilabete gehiago kautela-neurria hausteagatik; izan ere, 2007ko azarotik debekatua zuen bikotekideari hurreratzea.
Halaber, 45.000 euro eman behar dizkio emakumearen bi semeei; hilketa unean 23 eta 26 urte zituzten. Morentinek hilketa aitortu du eta barkamen eskatu dio bikotekide ohiaren senideei.