Gizartea -
HAUR PORNOGRAFIA
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, haur pornografia erosteagatik
Interneteko zuzeneko emisioetara jotzen zuen atxilotuak eta kriptotxanpon bidez ordaintzen zituen nahieran eskatzen zituen sexu erasoak.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Bilbon haur pornografia erosteagatik, Kugantxu operazioaren baitan.
Interneteko zuzeneko emisioetara jotzen zuen atxilotuak eta kriptotxanpon bidez ordaintzen zituen nahieran eskatzen zituen sexu erasoak. Filipinetako kontu batera ordaintzen zuela ikusita, Manilako Transnational Criminal Investigations Unitateari abisu eman zioten biktimak eta abusatzaileak identifika zitzaten.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, haur esplotazio sexual modu hau gero eta gehiagotan aurkitzen ari dira ikertzaileak.
Asiako hegoekialdean gertatzen dira batez ere sexu eraso hauek baina Afrikan ere aurkitu izan dituzte.
Guardia Zibilak, bestalde Jekyll operazioaren berri ere eman du. Kasu honetan ere kriptotxanpon bidez ordaintzen zuten pedofiloek haur pornografia TOR sarean dagoen "Welcome 2 Video" plataforman. Milaka diru mugimendu aztertuta, administratzailea identifikatzea lortu zuten, eta horrekin batera, hiru pertsona atxilotu dituzte Espainian eta lau miaketa egin dituzte.
Bestalde, AEBetako haur desagertu eta esplotatuen kasuak argitzeko Zentro Nazionalak jakitera eman duenez, konfinamenduan areagotu egin dira haurren sexu esplotazio kasuak. Erakunde horrek emandako abisuei esker, Madrilen, Murtzian eta Granadan pertsona bana atxilotu dute.