Gizartea -
Mijas
Ehunka lagun etxetik aterarazi dituzte sute baten ondorioz, Malagan
Suteak bizirik jarraitzen du eta Marbellaraino iritsi da. Hainbat etxebizitza kaltetu ditu suak dagoeneko.
Erredakzioa
200 pertsona baino gehiago aterarazi dituzte etxetik atzo arratsaldean Mijasen (Malaga) piztu zen sutearen ondorioz eta dagoeneko etxe batzuk kiskalita geratu dira La Mairenan.
Suak bizirik jarraitzen du eta sasiak eta pinuak erretzen ari da, izan ere, aireko suhiltzaileek ezin izan dute gauez lan egin.
Suteak aurrera egin du gaur goizaldean eta Marbellaraino iritsi da. Bertan, aterpetxeak eta kiroldegiak jarri dituzte etxetik aterarazi dituztenentzat eta janaria eman diete bertan gaua igaro dutenei.
Gainera, zaldiak ere atera behar izan dituzte hainbat ukuilutatik eta Costa del Sol zalditegira eraman dituzte.
200dik gora lagun ari dira parte hartzen sua itzaltzeko lanetan eta gaur goizean aireko suhiltzaileak batu zaizkie.