Gizartea -

Koronabirusa

Lleida, Lugo, Huesca eta Malaga, Espainiar Estatuko agerraldirik kezkagarrienak

Madrilen itxialdiaren osteko lehen agerraldia baieztatu dute, eta hiriburuaren testuinguruak berak, dentsitateagatik eta uda sasoiko joan-etorriengatik, kezka eragiten du.

Burelako ospitale bateko langileak, Lugon. Argazkia: EFE
Burelako ospitale bateko langileak, Lugon.
Burelako ospitale bateko langileak, Lugon. Argazkia: EFE

Ander Altuna | Euskadi Irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segria eskualdekoa (Lleida) da Espainian kezka gehien sortzen duen agerraldia. Larunbat eguerditik konfinatuta daude berriro, koronabirus kasuak erruz igo direlako. Eskualde horretan dago Lleida probintziako hiriburua. Gutxienez, bi aste konfinatuta egon beharko dira Segrian bizi diren 200 000 pertsonak.

Baina hori ez da Espainiako Gobernua kezkatzen duen agerraldi bakarra. Izan ere, 69 agerraldi identifikatu dituzte Estatu osoan zehar.

Galizian, A Mariña eskualdean (Lugo), egoerak okerrera egin du, aurreko bi egunetan 85 kasu positibo berri atzeman direlako. Galiziako Osasun kontseilaritzak hor dauka jarrit arreta berezia. Xuntaren arabera, agerraldi horren sorburua Burelako itsas portuan dago. Zehaztu duenez, ostalaritza jarduneko hainbat lokaletako langileen gehiengoa da kutsatu dena.

Eskualdeko zenbait lekutan itxialdia ezarri dute. Egoera mendean hartu arte, 600 pertsonatik gora egongo dira etxetik irten ezinik.

Uztailaren 12an hauteskunde eguna izango dute Galizian, eta kanpaina aurrera doa. A Mariñako agintari politikoek herritarren boto eskubidea bermatzeko eskatu diote Xuntari.

Aragoin, 300 pertsona baino gehiago kutsatu dira azken egunetan. Batez ere, Huescan atzemandako agerraldiak dira kezka iturri. Izan ere, probintziako hamar eskualdetatik lau deseskalatzearen bigarren fasean sartu dituzte berriro.

Andaluzian, Malaga osasun barrutian jo du gogor koronabirusak. 100 positibo baino gehiago erregistratu dituzte Gurutze Gorriak kudeatzen duen harrera zentro batean. Andaluziako Gobernuaren arabera, kutsatze gune hori da alarma egoera osteko kezkagarriena.

Madrilek ere kezkatzen ditu agintariak. Itxialdiaren osteko lehen agerraldia baieztatu zuten ostiralean, eta Espainiako hiriburuaren testuinguruak berak eragiten du kezka. Autonomia erkidegoan ia 7 milioi pertsona bizi da, eta biztanle dentsitateaz gain, uda sasoian izan ohi den joan-etorri uholdeak koronabirusaren zabalpena eragin lezake.

Espainiako Gobernuak asteburuetan daturik ez ematea erabaki du. Beraz, astelehenean ezagutaraziko dute azken 48 orduetan gertatu den guztia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Katalunia gaur Espainia bideoak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril gaur Osasunari buruzko albisteak Galizia azken ordukoa COVID kasuak Deseskalatzearen azken ordukoa