Gizartea -

Gertaera

4 txinatar atzeman dituzte emakumeak prostituitzera behartzea egotzita

Atxilotuek hainbat prostituzio etxe zituzten Iruñean eta Sevillan, eta emakumeak “sexu esklabo” bihurtzen zituzten bertan, Poliziaren arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak lau txinatar atxilotu ditu, emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta. Atxilotuek hainbat prostituzio etxe zituzten Sevillan eta Iruñean, ustez, eta emakume asiarrak egunean 24 orduz prostituitzera behartu eta "sexu esklabo" bihurtzen zituzten bertan, Sevillako Polizia Buruzagitzak agiri batean jakinarazi duenez.Taldeko arduradunari sexu esplotazioa egite aldera pertsonekin trafikatzea leporatu diote.

Ustez, emakumeak “sexu esklabo” bihurtzen zituzten, eta 24 orduz lan egiteko prest egon behar zuten. Bezeroak zerbitzuagatik 10 euro gehiago ordainduz gero, emakumeak preserbatiborik ez erabiltzera behartuta zeuden, eta beren osasuna arriskuan jartzen zuten, horrela.

Emakume guztiak asiarrak dira eta atxilotuek zorrak ordaintzeko dirua lortzeko erabiltzen zituzten. Hegazkineko txartelak eta mugak igarotzeko dokumentazioa lortzen zizkieten atxilotuek emakumeei.

Beren herrialdeetan baldintza txarretan edo Espainian legez kanpo bizi ziren emakumeak harrapatzen zituzten, eta haiek prostituituta lortzen zuten diruaren erdia baino gehiago beretzat gordetzen zuten ustezko arduradunek.

Emakumeak esplotatu eta etxe batetik bestera "merkantzia balira bezala" lekualdatzen zituzten, txinatarren taldeko arduradunaren emaztearen edo arrebaren zaintzapean, Poliziak agiri batean jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea