Gizartea -
Epaiketa
Poliziak alkoholdun hartzatxoak saltzea galarazi du Bilbon, Haribok eskatuta
Euskal Herriko Unibertsitateko hiru ikaslek sortu zituzten alkoholdun gominola horiek, Portugaleten.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak joan den astean Bilboko taberna batean alkoholdun hartzatxoak saltzea galarazi zuen; izan ere, Haribo multinazionalak iaz EAEko unibertsitario batzuek merkaturatu zituzten alkoholdun gominolak auzitara eraman ditu.
Euskal Herriko Unibertsitateko hiru ikaslek (Ander, Tamara eta Julen) Portugaleten sortu zituzten gominola horiek (alkohola % 15 dute), baina Haribok hartzatxoak merkaturatzeari uzteko eskatu du, Alemaniako enpresak saltzen dituen gozokiak antzekoak direlako.
Multinazionalak burofax bat bidali zien duela hilabete batzuk, produktu hori merkaturatzeari uzteko eskatuz, baina ekintzaile gazteek ez zuten atzera egin, eta aurrera jarraitu zuten. Orain arte, milioi eta erdi hartzatxo saldu dituzte, kutxa txikitan, Internet bidez zein tabernetan.
Joan den astean, Bilboko San Inazio auzoko taberna batean izan zen Polizia, "produktua erretiratzea eskatzeko, prozesu judizial batean gaudela argudiatuta", azaldu dute gazteek.
Ekintzaileen arabera, "Haribok mehatxatzeko burofax bat bidali zuenetik arazoak areagotu baino ez dira egin", baina gazteek atzera ez egitea erabaki dute.
Oraingoz, bost zaporedun hartzatxoak saltzen dituzte: vodka laranjarekin, gina eta marrubiak, whiskia kolarekin, rona ananarekin eta tekila limoiarekin.
Gazteen esanetan, ia bi urte eman zituzten ikertzen, eta "milaka hartzatxorekin esperimentatu" behar izan zuten. Umorez gaineratu dutenez, baina, "proiektu honen garapenean ez da hartzatxo bat bera ere zauritu".