Gizartea -

Nafarroa

Normaltasuna nagusi Iruñean, zenbait unetan kale batzuetan edukiera gainditu bada ere

Jende-pilaketak saihesteko eta araudia betetzen dela bermatzeko, segurtasuna indartu dute hirian, eta gehieneko edukiera ezarri da Alde Zaharreko gune jakin batzuetan.

Sanferminetako ohiko janzkera duten lau pertsona, Gaztelu Plazan. Argazkia: EFE
Sanferminetako ohiko janzkera duten lau pertsona, Gaztelu Plazan.
Sanferminetako ohiko janzkera duten lau pertsona, Gaztelu Plazan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean astearte honetan ospatu beharko ziratekeen San Fermin jaietako lehen orduetan "normaltasuna" nagusitu da hirian, baina zenbait unetan zirkulazioa itxi dute kale batzuetan, Alde Zaharrean adibidez, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako edukiera gainditu delako, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.

Uztailaren 6tik 7ra bitarteko gauean, urtero milaka pertsona bildu ohi dira Iruñeko kaleetan sanferminen hasiera ospatzeko, baina, aurten, "larunbat baten itxura" izan dute kaleek. "Oro har, ez da arazorik egon", esan du Udaltzaingoak. 

Jende-pilaketak saihesteko eta osasun arloko agintariek ezarritako araudia betetzen dela bermatzeko, segurtasuna indartu dute hirian, eta gehieneko edukiera ezarri da Alde Zaharreko gune jakin batzuetan.

Hain zuzen, edukiera-kontrol horiek kontuan izanda, atzo arratsaldean eta gauean oinezkoen zirkulazioa itxi behar izan zuten "une jakin batzuetan" Navarreria, Jarauta, Caldereria eta Estafetako goiko aldean.

Dena dela, "oso iraupen gutxiko itxierak" izan direla azpimarratu du Udaltzaingoak; izan ere, kale bat itxi bezain pronto, bertan zegoen jendea mugitu eta berriro irekitzeko aukera egon da, "itxiera hori asko luzatu behar izan gabe".

Ostalaritzako establezimenduei dagokienez, "orokorrean pozik" daudela esan du Udaltzaingoak, "oro har, oso ondo" joan delako, eta lokal bat baino ez dute salatu ordutegitik kanpo irekita egoteagatik.

Udaltzainek, gainera, adin txikikoei dendetan ez zitzaiela alkohola saltzen kontrolatu dute, eta, kale-edanari dagokionez, jende askorik ez dela bildu adierazi dute. Ildo horretatik, gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak zaintzeko eskatu diete herritarrei.

Bestalde, kalean izandako sei borroketan esku hartu behar izan dute udaltzainek, eta bi pertsona Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.

Kasu batean, pertsona batek kolpe handia jaso du bizkarrean, eta, ondorioz, ustezko egilearen aurkako eginbide judizialak ireki dituzte; beste batean, pertsona batek kristal batekin ebakia zuela ikusita, horren ustezko erantzulea atxilotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Sanferminetako egitaraua Aisia Iruñeko Udala Iruñeko Alde Zaharra