Gizartea -
Gertakariak
Pedrolako krimenaren erasotzaileen aurkako auziaren instrukzioa amaitutzat eman dute
Autoan, epaileak hainbat delitu baieztatu ditu: hilketa, legez kanpoko atxiloketa, baldintzapeko mehatxuak, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta, iruzurra eta armak legez kanpo edukitzea.
Agentziak | Erredakzioa
Zaragozako Instrukzioko 10 zenbakiko Epaitegiko titularrak Pedrola inguruan ibiltzen zen erasotzaile-talde bateko hiru kideen aurkako sumarioaren instrukzioa amaitu du. Biktimak hitzorduen webgune baten bidez harremanak eskaintzen zizkien emakume baten bidez erakartzen zituzten. Hiru biktima zenbatu dituzte eta horietako bat bortizki jipoitu zuten eta zelai batean bizirik lurperatu zuten.
Epaileak akusatuen aurkako auzipetze autoa berretsi du "kriminalitate zantzuak" daudelako, hilketa, legez kanpoko atxiloketa, baldintzapeko mehatxuak, indarkeria eta larderiaz egindako lapurreta, iruzurra eta armak legez kanpo edukitzea egotzita.
Getxoko 54 urteko bizilagun baten hilketa bortitzak iazko irailean talde kriminal horren berri eman zuen. Talde horrek Zaragozako Pedrola, Luceni eta Gallur herrien arteko ardatz geografiko txiki batean jarduten zuen, eta webgunean harremanak bilatzen zituzten "bihotz bakartiak" zituen biktima gisa.
Jose Antonio Delgado Fresnedo Getxoko bizilaguna hil arte, Guardia Zibileko ikertzaileak aurreko bi biktimak erasotzailearen ingurura erakarri zituen talde baten bila ari ziren, Badoo izeneko webgune baten bidez. Webgune horretan, emakume venezuelar batek bere burua eskaintzen zuen gizonekin harremanak izateko.
Lehen bi biktima horiek –37 urteko errumaniar bat, Almunia de Doña Godinan (Zaragoza) eta Tuterako (Nafarroa) 59 urteko gizon bat– euren bizitzak salbatzea lortu zuten, erasotzaileengandik, Badoon zegoen emakumearengangik eta beste bi gizonengandik, izua eta muturreko indarkeria jasan ondoren.
Auzipetze autoan, laugarren kide batek parte hartzeko aukera izan zuela uste zuen epaileak, baina azkenean kasua ixtea erabaki du, identifikatu ez duelako.
Auto horretan, epaileak honako hau nabarmendu zuen: "bi eta lau pertsona artean, helburu batasunarekin, eta bandako emakumeak Badooren bidez lortzen zituen kontaktuak aprobetxatuz, gizonak leku isolatuetara eramaten zituen".
Eremu horietan, gizon horiei "ondasun guztiak lapurtzen zizkieten, eta, horretarako, erasoak, haiei eta haien senideei kalteak egiteko mehatxuak eta biktimek aurre egin ez gero, heriotza eragitearekin mehatxatzen zieten".
Datozen egunetan, Zaragozako Auzitegiak akusazio eta defentsei dei egingo die gertakarien behin-behineko kalifikazio idazkiak bidaltzeko eta epaiketaren data zehazteko.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, prozesua auzitegi profesional batek ebatziko du, herri-epaimahai batek epaitu ezin dituen hainbat delitu izan baitira.