Gizartea -
Azpiegiturak
Ibilgaluen erdiek erabili dute Saihesbidea, kobratzen hasi direnetik
Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, 21:00ak arte 14.600 ibilgailuk erabili dute saihesbidea, aurreko egunetan izan zituen erabiltzaileen erdia gutxi gorabehera.
Erredakzioa
Hegoaldeko Saihesbideak bidesariak izan dituen aurreneko egunean aurrekoetan baino erabiltzaile gutxiago erabili dute, ibilgailuen erdia, alegia, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Hegoaldeko Saihesbidea iragan larunbatean zabaldu zuten, baina bidesaririk gabe (1,08 euro autoentzat eta 6,74 euro kamioientzat). Ordainlekuak gaur goizeko seietan jarri dituzte martxan.
Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, doako zerbitzua amaituta, 21:00ak arte 14.600 ibilgailuk erabili dute saihesbidea, aurreko egunetan izan zituen erabiltzaileen erdia gutxi gorabehera.
Aldundiak emandako datuen arabera, aurreneko lau egunetan ia 139.000 ibilgailuk erabili zuten errepide berria, 30.000k larunbatean, 42.700k igandean, 36.400k astelehenean eta 29.700k asteartean.
Kamioiak
Kamioiei dagokionez, astelehenean eta asteartean, zerbitzua oraindik doan zenean, 5.100 kamioik erabili zuten errepidea. Bien bitartean, gaur 3.300 kamioik erabili dute 21:00ak arte.
Saihesbidearen "neurriz kanpoko" bidesariak salatu zituzten kamioilariek atzo eta azpiegiturari boikota egin behar ziotela iragarri zuten, Txorierriko autobia alternatiba gisa erabiliz.
Bidesariak
Bidesariak kobratzeko bost tarte eta hiru ibilgailu mota ezarri dituzte. Halaber, prezioa ezberdina izango da egunaren eta orduaren arabera.
Lanegunetan, autoek 1,08 euro ordaindu beharko dituzte ibilbide luzeena (Larraskitu-Gallarta) egiteko. Jaiegunetan, ordea, erdia, 0,55 euro.
Kamioi arinek 5,98 euro ordaindu beharko dituzte lanegunetan, eta astunek 6,74.
Gauez (24:00 - 06:00), autobidea doanekoa izango da ibilgailu guztientzat.
110.000 ibilgailu hiru egunetan
Larunbatetik astelehenera, 109.100 ibilgailuk erabaili zuten saihesbide berria. Horietako 7.000 kamioiak ziren, Foru Aldundiaren datuen arabera.
Erabiltzaile gehieneko eguna igandea izan zen, batik bat 18:00etatik, Kantabriatik etxera itzultzen ari ziren bizkaitarren bidaiak zirela eta.