Gizartea -

Koronabirusa

Sanferminekin lotutako agerraldiaren harira 13 kasu gehiago atzeman dira, 21 guztira

Nafarroako Gobernuak aste honetan bertan arautuko du maskara nahitaez erabiltzea, segurtasun-distantzia mantendu daitekeenean ere, agerraldiak eteteko eta COVID-19a zabaltzea saihesteko.

Hainbat pertsona Iruñean (Nafarroa), maskarak jantzita. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Iruñean (Nafarroa), maskarak jantzita.
Hainbat pertsona Iruñean (Nafarroa), maskarak jantzita. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean, uztailak 6, Iruñean egindako sanferminetako bazkari bati lotuta atzemandako koronabirus agerraldiaren harira, 13 kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan. Horrela, orain arte 21 positibo zenbatu dituzte agerraldi horrekin lotuta, Nafarroako Gobernuak igande honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Horrez gain, "mugatuagotzat" jo dituen beste hiru agerraldi atzeman ditu Nafarroako Gobernuak Lizarran, Tuteran eta Iruñerriko herri batean. Agerraldi horien nondik norakoak aztertzen ari dira, eta beharrezkotzat jotzen dituzten PCR proba guztiak egingo dituzte koronabirusari aurre egiteko.

Nafarroan azken egunetan atzemandako koronabirus agerraldiek 34 positibo utzi dituzte jada, horietako batzuk Tuteran eta Iruñean izandako bi agerraldiekin lotuta. Azken orduetan, Tuterako ezkontza batekin lotutako agerraldia "egonkortu" dela uste du Nafarroako Gobernuak, bi kasu berri bakarrik baieztatu baitira (36 guztira 36).

Bestalde, Iruñean, sanferminetako gosari batekin lotutako kasuek gorakada nabarmena izan dute; izan ere, 13 kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan, eta 21 dira guztira.

Hala, bazkari horretara joan ziren pertsonei eta horien inguruko senide eta lagunei jarraipen estua egiten hasi dira, eta, horregatik, "positibo gehiago baieztatuko dira" birusari aurre egiten saiatzen diren bitartean, Osasun Departamentuaren aurreikuspenen arabera.

Egoera berri horrek, ordea, "ez du joera aldaketarik ekarri" oraingoz ospitaleratze eta heriotza kopuruetan, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez. Atzo 14 pertsona zeuden ospitaleratuta Nafarroan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak aste honetan bertan arautuko du maskara nahitaez erabiltzea, baita segurtasun-distantzia gorde daitekeenean ere, agerraldiak eteteko eta COVID-19a zabaltzea saihesteko.

Osasun Departamentua proposamen bat lantzen ari da dagoeneko, eta aste honetan bertan gauzatuko da. Proposamen horretan, arauaren epeak eta alderdi zehatzak jasotzen dira; maskara non jantzi behar den eta arau-hausterik izanez gero ordaindu beharreko isunak, esaterako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Tutera Entzierroa zuzenean Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea Maskarak