Gizartea -

Bahiketa faltsuak

Bahiketa faltsuen erreskatea eskatzen duten hamar bat dei atzeman ditu Ertzaintzak

Telefonoa finkoen titularrei zuzentzen dizkiete deiak, eta horietan, pertsona anonimo batek telefono hartzen duenaren senide bat bahituta duela adierazi eta askatzeko 10.000 euro eskatzen dizkio.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hamar bat dei atzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, uztailaren 9tik 10era bitartean, eta, horietan, ezezagun batzuek senide bat bahituta dutela adieraziz, erreskatea eskatzen dute, diru kopuru baten truke.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, dei horietako batzuk Txilen zuten jatorria, eta espezialistek lasaitasuna mantentzea eta biktimaren benetako egoera egiaztatzen saiatzea gomendatzen dute.

Normalean, telefono finkoen titularrei egiten dizkiete deiak, pertsona anonimo batek jakinarazten die senide bat bahituta dagoela, eta, askatzeko, 10.000 euro inguruko diru-kopurua eskatzen dute.

Ertzaintzak zehaztu duenez, delitugileak "familiak izutzen" saiatu dira, "nahasmen, larritasun eta beldur handia sortuz".

Deietako batzuk Txileko telefono batetik egin izanak "dei uholde berri bat" izan daitekeela pentsarazi die ikertzaileei, "aurreko egoera batzuetan suertatu den moduan".

Dei horietako bat jasoz gero, bahiketaren ustezko biktima une horretan egon beharko lukeen lekuan dagoela egiaztatzeko eskatu du Ertzaintzak.

"Funtsezkoa da izuak egoera aztertzeko eta arrazionalki jokatzeko dugun gaitasuna ez blokeatzea. Baloratu behar dugu egoera benetakoa den edo ez eta, iruzurra izan daitekeela planteatu", ohartarazi du Ertzaintzak. Era berean, "eskatutako zenbatekoa ez ordaintzea" eskatu dute eta Poliziari gertatutakoa "berehala" jakinaraztea gomendatu dute.

Hala ere, Segurtasun Sailak zehaztu duenez, "kontuan izan behar da ustez bahitutako pertsonarekin harremanetan jartzeko ezintasuna estaldurarik gabeko gune batean egotearen ondorio izan daitekeela, edo haren telefono mugikorra piztuta ez izatea zineman, Unibertsitatean edo ikastetxean egotearen ondorio izan daitekeela".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Bahiketak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txile