Gizartea -

KORONABIRUSA

Kantabrian "laster" nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea

Dekretua bihar edo asteazkenean argitaratuko dute, "beranduenez". Beste erkidego batzuetan ere, maskara erabili beharko dutela iragarri dute; Asturiasen, Errioxan eta Andaluzian, esaterako.

Laredoko hondartza. Argazkia: eitb.eus.
Laredoko hondartza
Laredoko hondartza. Argazkia: eitb.eus.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kantabriak derrigorrezkoa egingo du maskara erabiltzea, nahiz eta distantzia soziala mantendu, eta horretarako arautuko duen agindua "amaitzen" ari da.

Osasun Departamentuko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez, Kantabrian maskara nahitaez erabiltzeko agindua ez da Gobernu Kontseilutik pasatu behar.

Joan den ostegunean, Pablo Zuloaga Kantabriako Gobernuko presidenteordeak norabide horretan jo zuen, baina ez zuen erabat baieztatu.

Orduan, Zuloagak azaldu zuen Kantabriako Gobernua maskara nahitaez erabiltzeko aukera aztertzen ari zela, baina azaldu zuen erabakia ez zela irmoa, eta Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren txostenen arabera jokatuko zutela, baina Gobernu Kontseiluko kideak "nahitaez" erabiltzearen aldekoak zirela gaineratu zuen.

Badirudi erabakia hartu dutela jada, eta arautzea besterik ez dela falta, erabaki hori "lehenbailehen" bultzatzeko asmoa baitago. Hala, Zuloagak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela esan du, eta "beranduenez" bihar edo asteazkenean argitaratuko dutela aurreratu du.

Horrela, Kantabriak maskara derrigorrezkoa egitea erabaki duten erkidegoen zerrendarekin bat egingo du, besteak beste, erkidego hauetan hartu baitute erabaki hori: Katalunia (ostegunetik, uztailaren 9tik), Extremadura (larunbatetik), Aragoi eta Balearrak (gaurtik). EAEn ere beharrezkoa da maskara erabiltzea, baina, oraingoz, Ordizian baino ez.

Beste erkidego batzuetan ere, maskara nahitaez erabili beharraren alde egingo dute, iragarritakoaren arabera; Asturiasen, Errioxan eta Andaluzian, esaterako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Kantabria Koronabirusa Maskarak gaur