Gizartea -

Zergak

Bizkaiak azkenean erreforma fiskala onartzea espero du lehendakariak

Lehendakariak uste du bestela Aldundiak erabaki beharko duela "zein eskola eta ospitale itxi nahi duen".

Patxi Lopezek Lanbideren egoitza zentrala inauguratu du

01:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak espero du Bizkaiko Aldundiak "hausnartuko" duela erreforma fiskalaren inguruan eta erreforma fiskala onartuko duela, "bestela, zer murriztu nahi duen galdetu beharko zaio, ze eskola eta ospitale itxi nahi duen".

Lanbidek Gasteizen duen egoitza nagusia inauguratu eta Bizkaiko Ogasunak atzo lehendakariaren proposamen fiskalak errefusatu ostean, lehendakariak berretsi du beharrezkoa dela diru-sarrera "nahikoa" izatea baliabideak edukitzeko eta "zerbitzu sozialei eusteko".

Lehendakariarentzat "oso garrantzitsua da hori, Aldundietan diru-sarrerek behera egin baitute". Lehendakariak esan duenez, erreforma fiskalaren eztabaidan "sartu nahi ez duenak azaldu beharko du behingoz nondik egin nahi dituen murrizketak aurrekontuak orekatzeko".

"Premiazkoa"

Lehendakariaren esanetan, "behar beharrezkoa da gastuetaz bakarrik ez hitz egitea eta diru-sarrerak ere hizpide izatea". "Euskadin beharrezkoa den eztabaida bat da, hauteskunde helburuetatik haratago", gaineratu du.

Eztabaida hori "lehenbailehen" egitearen alde agertu da Patxi Lopez, "ekonomikoki hazi behar dugu, baina diru-sarrerak ere jaso behar ditugu ongizate estatuari, zerbitzu publikoei, politika sozialei eta baliabideei eusteko".

Lehendakariak espero du Bizkaiko Aldundiak "hausnarketa" egingo duela eta azkenean jarrera aldatuko duela, izan ere, "ez badute diru-sarrerez hitz egin nahi, zer murriztu nahi duten, ze eskola eta ospitale itxi nahi duten galdetu beharko zaie".

Enplegua

Bestalde, lehendakariak gizarte osoaren, erakundeen eta agente ekonomiko eta sozialen inplikazioa eskatu du langabeziari aurre egiteko, "ardura kolektiboa" baita.

Lehendakariak gogorarazi du datozen asteotan aurkeztuko dituela "enpleguaren aldeko konpromiso kolektiboa" lortzeko xehetasun gehiago, zeren Jaurlaritzak "agente ekonomikoen eta erakundeen indarrak batu nahi ditu kalitatezko lanpostuen hazkunde egonkorra eta iraunkorra lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea