Gizartea -
Koronabirusa
Maskara derrigorrezkoa da jada Kantabrian
Ez eramateak, nahiz eta gainerako pertsonekin 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzeko aukera izan, 100 eurorainoko isunak ekar litzake.
Agentziak | Erredakzioa
Kantabriako Gobernuak asteazken arratsaldean argitaratu du, Kantabriako Agintaritzaren Aldizkarian, autonomia-erkidego horretan maskararen erabilera derrigorrezko egiten duen agindua. Beraz, hilaren 15etik nahitaezkoa da maskara erabiltzea bertan.
Neurria ez betetzea falta arina da, Osasun Publikoaren Lege Orokorrean ezarrita dagoenaren arabera. Beraz, 100 eurorainoko isunak ekar litzake; hori bai, balizko isun horrek ez du kentzen beste zigorrik egoteko aukera, Kantabriako Gobernuak gerora zehaztu duenez.
Neurriak sei urtetik gorakoei eragiten die, eta ezarriko dute bide publikoan, aire zabaleko guneetan, eta erabilera publikokoa den edo izan daitekeen edozein leku itxitan. Kasu guztietan, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da nahiz eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatu ahal den.
Gainera, aginduaren arabera, herritarrek "zuzen" erabili beharko dute maskara; hau da, sudur-trenkadako zati batetik, kokotseraino estali beharko dute, azken hori barne. Eta ezin du balbularik izan, ez bada erabilpen profesionaletan; kasu horietan, gomendatuta dago.
Hondartzetara joateko, edo garraioan, aire-, itsas, trenbide- edo errepide-garraioan, nahitaez erabili beharko dute herritarrek, bai eta bidaiarien garraiobide publiko eta pribatu osagarrietan ere. Horrez gain, bederatzi eserlekurainoko ibilgailuetan ere (gidaria barne), erabili behar da, bidaiariek ez badira etxe berean bizi.
Lur-garraioan, segurtasun-tartea egoten saiatuko dira, eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, bidaiariak ez badira elkarrekin bizi.
Gune pribatuetan, ez da galdegiten, baina gomendatu egiten da, bilerak daudenean edo elkarrekin bizi ez diren pertsonak biltzen direnean, nahiz eta segurtasun-tartea egon.
Kantabriako hondartzetan, maskara derrigorrezkoa da sarbideetan; hondartzan dauden bitartean, herritarrek zaindu behar dituzte orokorrean COVID-19a prebenitzeko segurtasun- eta garbitasun-neurriak.
Hain zuzen ere, gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tarteari eutsi beharko diote, edo, ezin bada, babes fisikoko eta arnasketa- eta esku-garbitasuneko alternatibak aukeratu beharko dituzte herritarrek. Hala, hondartzan, taldeak gehienez 25 lagunekoak izan daitezke, pertsona horiek ez badira elkarrekin bizi.