Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Madrilen
Gertakaria indarkeria matxista kasu bat bezala ikertzen ari dira. 31 urteko emakumea atzo arratsaldean hil zen, ospitalean, koman sartu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak 37 urteko gizon bat atxilotu du Torrejon de Ardozen (Madril), 31 urteko emakume bat hiltzea leporatuta. Gizonari hilketa delitua egotzi diote.
Gertakaria indarkeria matxista kasu bat bezala ikertzen ari dira. Astelehen goizaldean, hilak 13, izan zuten horren berri, ustezko hiltzaileak 112 zenbakira deitu zuenean.
Emakumeak burezurreko traumatismo larria zuen, belarritik odola zeriola, eta arnasa hartzeko zailtasunak zituen. Ondorioz, Torrejongo ospitalera eraman zuten, larri, eta han ingresatu zuten.
Biktima atzo arratsaldean hil zen, ospitalean, koman sartu ostean. Ustezko hiltzaileak ez zuen genero-indarkeriagatik aurrekaririk, ezta biktimarengandik urruntzeko agindurik ere. Agenteek ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko.