Gizartea -

Zarautzen (Gipuzkoa)

Lau pertsona atxilotu dituzte Zarautzen, etxeetan lapurtzea egotzita

Atxilotuek aurrekariak dituzte, lapurretengatik, eta atxilotu zituztenean pistola maipulatu bat, bitxiak eta hainbat aparatu elektroniko zeramatzaten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak ustezko lapur talde bat atxilotu zuen joan den astearte goizaldean, AP-8 autopistan, Zarautzen (Gipuzkoa). Herrizaingo Sailaren arabera, taldeak etxebizitzetan egiten zituen lapurretak, eta agenteek ostutako objektu ugari atzeman zizkieten, hala nola bitxiak, ordenagailuak eta telefonoak.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxilotuek 22, 23, 27 eta 29 urte dituzte eta hainbat lapurreta egin dituzte, ustez, Euskadin eta Frantziako hegoaldean. Gainera, armak legez kontra edukitzea leporatu diete; izan ere, pistola baten erreplika aurkitu zuten agenteek atzemandako objektuen artean, benetako munizioarekin erabiltzeko prestatuta.

Atxiloketa astearte goizaldean egin zuten, 02:00ak aldera, AP-8 autobidean, Zarauzko ordainlekuan, Bilborako noranzkoan. Delituei aurrea hartzeko kontrol batean, agenteek gelditzeko agindua eman zioten Mercedes auto bati, barruan orain atxilotutako lau lagunak zihoazela.

Lapurretak egiteagatik aurrekariak zituztela ikusita, agenteek autoa miatzeari ekin zioten. Maleta-lekuan bitxiak, imitaziozko-bitxiak eta zenbait tresna elektroniko aurkitu zituztenean, ostutako objektuak izan zitezkeela susmatu zuten ertzainek.

Honako objektu hauek konfiskatu zituzten zehazki: zazpi ordenagailu (eramangarriak eta mahai gainekoak), zortzi telefono mugikor, eta urrezko piezak eta imitazioko bitxiak. Era berean, zenbait kreditu-txartel aurkitu zituzten; haietako hiru, gainera, Donostian, Laudion eta Balmasedan lapurtu berri zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea