Itxi

2020/07/18

15:58

Gizartea

COVID-19

PCR probek 155 positibo berri eman dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian

eitb.eus

63 kutsatu berri antzeman dituzte Gipuzkoan, 43 Bizkaian, 40 Nafarroan eta 9 Araban. Guztira, ostiralean 6.297 PCR proba egin zituzten lau lurraldeetan.

2:01
PCR probak etengabe egiten ari dira Zarautzen eta Eibarren
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Azken 24 orduetan 155 positibo berri hauteman dituzte PCR proben bidez Hego Euskal Herrian: 63 kutsatu berri Gipuzkoan, 43 Bizkaian, 40 Nafarroan eta 9 Araban. Guztira, ostiralean 6.297 PCR proba egin zituzten lau lurraldeetan.

Hala, 115 positibo berri eman dituzte PCR probek Euskal Autonomia Erkidegoan (ostiralean baino 47 gehiago). Atzo 4.997 PCR proba egin zituzten EAEn, Nekane Murga Osasun sailburuak larunbat honetan jakitera eman duenez.

Kutsatu berri gehienak gazteak direla ohartarazi du Murgak, aisialdian kutsatu diren gazteak, hain zuzen ere.

Edozein tokitan, pertsona gehiagorekin egonda, maskara eramatea derrigorrezkoa dela errepikatu du Osasun sailburuak, kalean zein toki itxietan. Era berean, maskara egoki erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazi du agintariak, hau da, sudur-trenkadatik kokotseraino estali behar du.

Pertsona positiboei eta haiekin harremanetan egondakoei “bakartzea oso ongi betetzea” eskatu die Murgak. Horregatik, koarentena zuzen betetzeko Osakidetzaren gomendioak jarraitzeko eskatu die; izan ere, konturatu direnez, jende askok “ez ditu ondo ulertzen”.

Iragan larunbatetik ostiralera bitartean 25.000 PCR proba baino gehiago egin ditu Osakidetzak; horietatik 4.997, atzo. Ondorioz, PCR probak areagotu dituzte arduradunek. Biztanleko proba gehien egiten dituen erkidegoa da Euskadi, hain zuzen, 139,10 proba egin ditu 1.000 biztanleko.

40 kasu berri Nafarroan

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 40 positibo berri baieztatu ditu azken orduetan. 40 kasu berrietatik 18k aurreko egunetan jazotako agerraldiekin zerikusia dute.

Bost kasu berri aurreko egunetan antzemandako beste positibo batekin lotu ditu burututako ikerketa epidemiologikoak. Ondorioz, sei kasuko agerraldi bat litzateke oraingoz. Familiarteko agerraldi bat da, Nafarroako iparraldeko herri batean eta Iruñean barreiatua.

Uztailaren 17an jakitera eman zuten agerraldia da handiena, Iruñeko Mendillorri auzoan du epizentroa, baina inguruko beste zonalde batzuetan adarrak ditu. Horrela, agerraldian 15 kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta dagoeneko 51 dira. Gaueko aisialdiarekin lotutako agerraldi bat da, eta kutsatuak gazte koadrilak dira.

Gainera, Tuterako ezkontzaren agerraldian beste bi positibo berri antzeman dituzte. Agerraldia uztailaren 9an hasi zen, eta, honezkero, 41 kasu pilatu ditu. Bestalde, atzo Iruñean familiarteko agerraldi baten berri eman zuten. Agerraldiari lotuta, bost kasu iragarri zituzten, eta gaur beste baten berri eman dute; ondorioz, dagoeneko sei dira kutsatuak.

Gainerako 17 kasuetatik hamar beste positibo batzuekin harremanetan egondako pertsonak dira. Beste zazpien kasuak ikertzen ari dira oraindik, harremanen sarea zehazteko eta agerraldiekin lotura ezartzeko.

Nafarroako Osasun Sare Publikoak 1.300 PCR proba egin zituen atzo. Ospitaleetako egoerari dagokionez, ostiralean pertsona bat ospitaleratu behar izan zuten Tuterako Sofia Erregina ospitalean.

Gainera, Eskubide Sozialetako eta Osasun Departamentutik adinekoen egoitzekin harremanetan jarri dira, zentroetako segurtasuna areagotzeko jarraibide batzuen berri emateko.

Beharrezkoa denean osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu die Osasun Departamentuak herritarrei, bereziki Iruña eta Iruñerriako bizilagunei, eta modu oso berezian gazte koadrilei, azken egunetako agerraldiak ikusita, kasuak arakatzeko ardura duten profesionalei informazioa errazteko eta PCR probak egiteko.

Azkenik, bakartzeko neurriak mantentzeko eta koarentena errespetatzeko beharra azpimarratu du Osasun Departamentuak, birusaren transmisio katea eteteko “modu bakarra” delako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;