Gizartea -
Desagerpena
Bernedon desagertutako 77 urteko gizona aurkitu dute, bizirik
Ostiralean desagertu zen, Okongo Andra Mariaren baseliza inguruan, Arabako udalerrian.
Agentzia | Erredakzioa
Larrialdi zerbitzuek bizirik aurkitu dute ostiraletik desagertuta zegoen 77 urteko gizona, Bernedon, Arabako Mendialdean, Segurtasun sailak informatu duenez.
Ostiralean 14:00etan izan zuen Ertzaintzak 77 urteko Bernedoko bizilagun baten desagerpenaren berri, eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdietarako Arretako teknikari batek koordinatutako bilaketa dispositiboa jarri zuten martxan.
Larunbatean emaitzarik ez izan ondoren, igande goizean berriz ekin diete bilaketa lanei. Ertzaintzaz aparte, inguruko basozainek, suhiltzaileek eta Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioek ere hartu dute parte.
Azkenean, bilaketei ekin eta minutu gutxira, larrialdi zerbitzuek bizirik aurkitu dute gizona, Okongo Andra Mariaren baseliza inguruan. Gizona Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute, eta osasun egoera onean dago.