Gizartea -

KORONABIRUSA

Zumarragako Argixao egoitzan bi positibo ezkutatzea leporatu dio LABek Aldundiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxe zein herrialdeko eguneko zentroetan pandemia honekiko egin duen "kudeaketa txarra" salatu du sindikatu abertzaleak.

Zumarragako Argixao zentroaren artxiboko irudia.
Zumarragako Argixao zentroaren artxiboko irudia.
Zumarragako Argixao zentroaren artxiboko irudia.

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundia koronabirusaren krisi honetan zahar etxeetan eta eguneko zentroetan izaten ari den jarrera kritikatu du, "kudeaketa txarra" salatuz, eta horren adibide, Zumarragako Argixao zentroko bi langilek COVID-19an positibo eman eta informazio hori ezkutatu egin dutela salatu dute.

Hala, uztailaren 15ean Gipuzkoako Diputazioak emandako informazioa gezurtatu nahi izan du sindikatuak. Egun horretan, Ordiziako agerraldiak ez zuela Goierriko adinekoen zentroetan kutsaturik eragin adierazi zuen Aldundiak.

"COVID-19a gure artean dagoenetik, eskasa izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak helduen egoitzetan zein eguneko zentroetan egindako kudeaketa. Horretaz aparte, sektoreak pairatzen zuen eta horrenbeste denbora salatzen ari ginen egoera latza bistaratu du gaitzak. Jakin badakigu eta bistakoa izan da osasuna galdu duten langileak txotxongiloak bailiran erabili dituela Aldundiak, eta azpimarratu nahi dugu, osasun fisikoaz aparte, eragin psikologikoa izugarria izan dela" salatu du LABek ohar batean. Goierriko azken agerraldiarekin lotuta, ondokoa azaldu du sindikatuak: "Instituzio foralak, Goierriko helduen egoitzetako langile zein egoiliarrei PCR probak egiteko agindua eman zuen. Zumarragako Argixao egoitzan lehen laginak, hilaren 14ean jaso ziren, hau da joan den asteartean. Ostiralean, hiru egun beranduago, langileek, kasualitatez, ofizialtasunik gabeko elkarrizketa bat medio, zentroan bi langilek proban positibo eman zutela jakin dute. Langileek, positibo izan edo ez, ez dugu egindako proben emaitza ofizialik jaso gaur gaurkoz, eta zentroak berak ere ez. Protokoloaren arabera, Osasun Sailak edo Osakidetzak probak eskatu dituenari bideratuko dizkio emaitzak, beraz, Aldundiak emaitzak jaso eta zentro bakoitzeko prebentzioko arduradunari helarazi beharko lizkieke. Baina, horrelakorik ez da gertatu, inork ez die emaitzei jarraipenik egin". Gertakari horren "larritasuna" salatu du LABek, "ez dugu onartuko, langile, egoiliar, erabiltzaile zein bestelako herritarren osasuna arriskuan jartzea". Atzo Jaurlaritzak eguneko zentroak ixteko emandako aginduari dagokionez, langileen eskubideak urratzen ari direla esan du LABek, "enpresak ezin dituztenez langile hauek beste zentro batzuetan birkokatu, beren opor egunetatik kendu nahi dizkiete lan egin ez dituzten egun horiek, beren lan baldintzen funtsezko aldaketa izanik. Segurtasun neurriak hartzea ondo dago baina inor kaltetu gabe eta are gutxiago pandemia egoera honetan horrenbeste eman duten langile hauek guztiak".Horrenbestez, bi egoera horiek argitzeko eskatu dio LABek Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa LAB Gaixotasunak Salaketak Gizartea Markel Olano Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Goierri azken ordukoa Adinekoak gaur