Gizartea -
KORONABIRUSA
Hego Euskal Herrian beste 188 koronabirus kasu antzeman dituzte azken orduetan
Nafarroan 98 positibo izan dira, Bizkaian 63, Gipuzkoan 20 eta Araban bost. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute.
eitb.eus
Hego Euskal Herrian beste 188 koronabirus kasu izan dira azken orduetan: 98 Nafarroan eta 90 Euskal Autonomia Erkidegoan. Bizkaian 63 kasu atzeman dituzte, 20 Gipuzkoan eta bost Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken orduetan.
Azken orduetan ez da inor hil covid-19aren eraginez, eta 1.623 dira jada pandemia hasi zenetik hil direnak.
Guztira, 3.682 proba egin dituzte azken orduetan eta positiboak atzeman dituzte herri hauetan:
Gipuzkoan: Beasain (1), Deba (3), Eibar (10), Elgoibar (3), Ordizia (1) eta Zarautz (2).
Bizkaian: Abadiño (3), Zornotza (1), Arrigorriaga (2), Barakaldo (4), Basauri (2), Berango (1), Bermeo (4), Bilbo (21), Durango (2), Ermua (13), Forua (1), Galdakao (2), Muxika (4), Santurtzi (1) eta Sestao (2).
Araban: Laudio (2) eta Gasteiz (3).
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 43 emakumeak dira eta 47 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 29 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 10 eta 19 urte bitartean dituzte (25 kasu).
Covid-19a duten beste 16 pazientek 20 eta 29 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 13 euskal herritar 30 eta 39 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako hiru kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 12 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 12k 50-59 urte bitartean, seik 60-69 urte bitartean eta beste hiruk 70 urtetik gora.
2,13 da gaurko R0 indizea (atzo 2,21 zen).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun bi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.
98 kasu Nafarroan
Bestalde, Nafarroan 98 positibo gehiago baieztatu dituzten azken orduetan, horietako 22 Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez.
Tuterako ezkontza batean izandako fokuari dagokionez, beste positibo bat izan da eta, ondorioz, 43 lagun kutsatu dira guztira. Halaber, Iruñean izandako beste agerraldi banatan 10 eta bost kasu zenbatu dituzte jada.
Gainerako kasu positiboak ikertzen ari dira, harremana norekin izan dute argitzeko.
Horrez gain, Nafarroako Ospitalera pertsona eraman zuten atzo koronabirusak jota. Zaintza Intentsiboko Unitatean, baina, ez da inor sartu.
Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, pandemia hasi zenetik 5.879 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin Nafarroan.
Osakidetzak osasun arloko materialaren erosketa kudeatuko du
Bestalde, COVID-19aren aurrean babesteko osasun arloko materialaren erosketa, biltegiratzea eta logistika Osakidetzak kudeatuko du, bai Eusko Jaurlaritzarena, bai aldundiena eta bai udalena ere.
Eusko Jaurlaritzak funtzio horiez arduratzeko baimena eman dio euskal osasun zerbitzuari, erakunde guztiek beharrezko materiala izan dezaten (mantalak, eskularruak eta maskarak, besteak beste), pandemiaren balizko etorraldi berriei aurre egiteko.
Jaurlaritzaren arabera, erabaki horrek material horien kontratazioa eta erosketa antolatzen lagunduko du, eraginkortasun handiagoa eta "materialaren eta ekipamenduaren stock estrategikoa" lortzeko, euskal sektore publiko osoaren beharrei erantzun eta estaldura logistikoa emateko helburuarekin.