Gizartea -
Koronabirusa
Gasteizen jendetzarik sortzen ez dela zainduko dute Santiago egunean eta bezperan
Tradizioz, uztailaren 24ko gauean eta hilaren 25ean Gasteizen afari eta bazkari ugari egiten dira, eta aurten, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak datorren ostiral gaua eta larunbat goiza, Santiago eguna eta Arabako hiriburuko Blusa Eguna, kontrolatuko dituzte, jendetzarik pilatu ez dadin eta covid-19a kontrolatzeko osasun-xedapenak errespeta daitezen.
Tradizioz, uztailaren 24ko gauean eta 25ean Gasteizen afari eta bazkari ugari egiten dira, Andre Maria Zuriaren jaien aurrekari gisa. Aurten, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu dira.
Osasun-agintarien xedapenak errespetzen direla ziurtatzeko, tokiko eta autonomia-erkidegoko poliziek modu koordinatuan lan egingo dute, jendetzak eta kale-zurrutak saihesteko.
Hain zuzen ere, Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ostiralean bikoiztu egingo ditu gauez lan egin ohi duten langileak, eta larunbatean indartu egingo ditu egun horretarako aurreikusita zeudenak, batez ere, goizeko ordutegian.
Ostiral gauean, hirigunean eta alde zaharrean kontzentratuko dira udaltzainak, maskarak behar bezala erabiltzen direla eta lokaletan zein terrazetan gehienezko edukiera errespetatzen dela zaintzeko.
Larunbatean, poliziaren jarduera tabernetako mahaietako edukiera mugak errespetatzera bideratuko da, bereziki.