Gizartea -
Iragarpena
Euriak ez du atsedenik ematen Zinemaldian
Zaparrada giroak jarraitzen du Zinemaldian. Euria izango dugu gaur nagusi, batik bat ipar partean. Bihar, giroa egonkortuz joango da.
Erredakzioa
Gaur, igandea, hodeiak, euria eta ipar-haizea dugu nagusi. Donostian, giro kaskarrarekin jarraitzen du Zinemaldiak. Euri giroa izango dugu gaur nagusi, batik bat ipar partean. Ipar-mendebaleko haizeak gogor joko du batik bat kostaldean eta mendi inguruetan.
Itsasaldetik sartutako hodeigune ilunekin, kantauri isurialdean zerua estalita agertuko da eta zaparrada giroa nagusituko da; tarteka zaparrada mardulak botako ditu. Hegoaldean berriz, hodeitza saretuago eta goizean euri-langarra egin badezake ere, arratsaldean argituz joango da. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, ufada gogorrekin joko du kostaldean eta baita Nafarroa erdialdean eta hegoaldean. Tenperaturak beste koska bat behera egingo du, eta 16-20 ºC arten geldituko dira beroenak.
Asteko lehen egunean, giroa egonkortuz joango da eta tenperaturak koska pare bat gora egingo du. Goizean, kantauri isurialdean giro bustia nagusituko da, baina arratsaldean atertu eta hodeitza saretuz joango da. Zenbat eta hegoalderago orduan eta argiago agertuko da zeru-gaina, eta goizean zehar urdinguneak nagusituz joango dira. Kantauri isurialdean 20 ºC-ra iritsiko dira termometroak arratsaldeko lehen orduetan.